Politika -
Katalunia
'Kalean hildakoak' egon zitezkeela esan zuen Espainiako Gobernuak, Roviraren hitzetan
Rajoyren ustez "erabateko lotsagabekeria" dira adierazpen horiek, eta Maria Dolores de Cospedal Espainiako Defentsa ministroak adierazi du "erabat faltsuak" direla.
Agentziak | Erredakzioa
Urriaren 1eko Kataluniako erreferendumaren ostean Generalitateak independentziaren aldeko prozesua eteten ez bazuen "kalean muturreko indarkeria eta hildakoak ere egoteko" aukerarekin mehatxua egin zion Espainiako Gobernuak Generalitateari, Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak adierazi duenez.
"Zuzenean hau esaten ziguten: odola egongo zela eta gelditu beharko ginatekeela, oraingoan ez zutelako zalantzarik izango eta oraingoan ez zirelako gomazko pilotak izango; kontua irmoagoa izango zela", esan du Rovirak Rac1 katean egindako elkarrizketan.
ERCko ordezkariak ez du adierazi nork esan zion hori Generalitateari, baina informazio hori emateko prest azaldu da dagokion unean. Roviraren hitzetan, Carles Puigdemontek eta Oriol Junquerasek mahai gainean jartzen zuten etengabe "heltzen ziren iturriak egiaztatutakoak zirela", eta informazioa zutela Sant Climent Sescebesen (Girona) Armadak mugimenduak egin izanaz (base mititarra du bertan Espainiako Armadak).
Halaber, Rovirak adierazi du Kataluniako Gobernuak aztertu zuela urriaren 1eko erreferenduma bertan behera uztea Poliziaren kargak direla-eta, eta hala adierazi ziela hauteskunde-batzordeei. Zera erantzun ziguten: "Hasi zaitezkete adierazpen politikoak egiten, herri honetako biztanleek botoa eman nahi dute eta".
Rajoyk eta Cospedalek ukatu egin dituzte salaketak
Mariano Rajoy Espainiako presidentearen arabera "erabateko lotsagabekeria" eta "gezur erraldoia" dira Roviraren adierazpenak. "Erabateko lotsagabekeria da eta ez dago erabili dezakedan kalifikatzailerik informazio horrentzat. Erabat faltsua, gezur erraldoia eta, bereziki, lotsagabekeria da. Utzi dezagun horretan" esan du Suedian, goi-bilera baten ostean komunikabideei egindako adierazpenetan.
Maria Dolores de Cospedal Espainiako Gobernuko Defentsak Ministroak, bestalde, adierazi du "erabat faltsua" dela Espainiako Gobernuak Generalitateari mehatxu egin izana. "Emakume honek egindako adierazpen hori erabat faltsua da, eta nik neuk esaten dizut, Defentsa ministroak", esan du Gironan, Figuereseko Sant Ferran gaztelera egindako bisitan, kazetariek egindako galderen aurrean.