Politika -
Terrorismoaren aurkako borroka
Cubillas ezin dutela estraditatu azaldu du Venezuelako Fiskaltzak
Venezuelako Konstituzioaren 69. artikuluak estradizioa debekatzen duela argi utzi du Luisa Ortega Diaz Venezuelako fiskal nagusiak, izan ere, Cubillas venezuelarra da.
Erredakzioa
Jose Arturo Cubillas ETAko kidearen ikerketan beharrezko eginbide guztiak martxan jarriko dituztela esan du Luisa Ortega Diaz Venezuelako fiskal nagusiak ostegun honetan, baina venezuelarra denez ezin dutela estraditatu argi utzi nahi izan du.
Komunikabide lokalek bildutako adierazpenetan, Venezuelako Konstituzioaren 69. artikuluak estradizioa debekatzen duela argi utzi du Ortegak, izan ere, Cubillas venezuelarra da ''naturalizazioz''.
"Cubillas 1990ean heldu zen Venezuelara, eta geroago naturalizazioa eskatu zuen. Nazionalizazioa eman zioten", azaldu du Ministerio Publikoko agintariak. Venezuelar bat "jaiotzez zein naturalizazioz" ezin daiteke estraditatu, Ortegaren hitzetan.
Hala ere, Cubillas lekualdatzeko eskakizun formalik jaso ez dutela zehaztu du Ortegak. Cubillasen inguruko ikerketan informazioa lortzen saiatuko direla aurreratu du, Venezuela eta Espainiaren arteko akordioek aurrikusitako tresna juridikoak erabiliz. Ustez ETAko kideak trebatu zituen Cubillasek Venezuelan.
Ikerketa horrekin lotura duten pertsona guztien agerraldia eskatuko dute Venezuelako agintariek, nahiz eta atzerrian izan, Ortegak baieztatu duenez.