Politika -
Kataluniako hauteskundeak
Jordi Sanchez bigarrena izango da Puigdemonten hautagaitzan
Sanchezek Kataluniako Asanblea Nazionalaren presidentzia utziko du Junts per Catalunya alderdiaren zerrendan joateko.
Agentziak | Erredakzioa
Jordi Sanchez ANCko presidentea Junts per Catalunya alderdiaren bigarren zerrendaburua izango da, Carles Puigdemonten atzetik, Efek zabaldutakoaren arabera. ANCko burua urriaren 16tik dago espetxeratuta, sedizio delitua leporatuta.
Ostegun honetan Soto del Real espetxetik jakinarazi duenez, Kataluniako Asanblea Nazionalaren presidentzia utziko du Junts per Catalunya alderdiaren zerrendan joateko.
Orain dela bi urte eta erdi aukeratu zuten Sanchez ANCko presidente, eta horren estatutuen arabera, urtarrilaren edo apirilaren artean utzi behar zuen kargua.
"Horregatik, agian, eta urriaren 27tik (Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen egunetik) herriak bizi duen ezohiko egoera dela eta, Puigdemontek egindako eskaera onartu eta alderdiarekin bat egitea erabaki dut, Kataluniako Errepublikaren alde lan egiten jarraitzeko", esan du Sanchezek.
Junts per Catalunya alderdian, Sanchez bezalako independentistek protagonismo handia izango dute, eta PDeCATekoek, aldiz, garrantzia galduko dute.
Abenduaren 21eko hauteskundeei begira, PDeCAT alderdiko batzorde nazionalak zerrenda osatzeko askatasuna eman dio Puigdemonti. Hautagaien zerrenda osatzeko epea ostiralean, azaroaren 17an, bukatuko da.
Iturri beraren arabera, Puigdemont Bruselatik ari da Junts per Catalunyaren zerrenda osatzeko lan guztia egiten. Horretarako, bere gobernu taldeko konfiantzazko pertsonen laguntzaren bila ari da; Elsa Artadi Sail arteko Koordinazio zuzendariarena eta Josep Rius Presidentearen Bulegoko zuzendariarena, esaterako.
Jordi Cuixartek ez du hauteskundeetan parte hartuko
Bestalde, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak (hori ere urriaren 16tik dago kartzelan) hauteskundeetan ez duela parte hartuko berretsi du, bere ustez, izendapena "transbertsala" izan behar delako eta hauteskunde zerrenda batekin "bateraezina" delako.