Politika -
Barcenas auzia
PP auzipetu du epaileak, Barcenasen ordenagailuengatik
Suntsitutako ordenagailu horietan alderdiaren ustezko kontabilitate ezkutuari buruzko datuak egon zitezkeela uste du Madrilgo auzitegiak.
Agentziak | Erredakzioa
PP, alderdiaren diruzaina eta hainbat kontseilari auzipetu dituela jakinarazi du asteazken honetan Madrilgo auzitegiak, Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren ordenagailuak ustez suntsitzeagatik.
Hori horrela, PPren, Carmen Navarro diruzainaren, Jose Manuel Moreno informatikariaren eta Alberto Duran abokatuaren errekurtsoa gaitzetsi du Madrilgo auzitegiak, eta erabaki horren aurkako errekurtsorik aurkezteko aukerarik ez dagoela zehaztu du bere autoan.
Hortaz, epaileak instrukzioa itxi egin duela jakinarazi du eta alderdi popularra epaitua izateko lehen pausua eman du. Ondorioz, PP epaitua izango den lehen alderdi politikoa izango da.
Errekurtsogileek auzia baliogabetzea eskatu zuten, ez baitzituzten froga zehatzik ikusten auzia aurrera jarraitzeko, eta bestalde, ikerketa gehiago egitea eskatu zuten.
Hala ere, Auzitegiaren ustetan, "zantzu nahikoak" daude kalte informatiko eta estaltze delituengatik epaituak izateko.
Auzitegiaren ebazpenaren arabera, suntsitutako ordenagailuak norenak ziren (PPrenak edo Barcenasenak) jakiteaz gain, horietan zegoen informazioa interesatzen zaio.
Auzipetuek jakinarazi zutenez, ordenagailuok ez zuten informaziorik, baina Barcenasek kontrakoa esan zuen, eta Auzitegiaren ustez, diruzain ohiaren aitortzak "ez du gezur itxurarik", alderdiaren ustezko kontabilitate ezkutuari buruzko datuak izan baitzezaketen.