Politika -

KATALUNIA

ERCk bozak irabaziz gero, Marta Rovira presidente izatea iradoki du Junquerasek

Kartzelatik militantziari bidalitako eskutitz batean onartu duenez, kargugabetutako Kataluniako Gobernuak akatsak egin ditu; besteak beste, Estatuaren errepresio maila hori ez aurreikustea.

Marta Rovira ERCko idazkari nagusia. Artxiboko argazkia: EFE
Marta Rovira ERCko idazkari nagusia. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ERCk abenduaren 21eko hauteskundeak irabaziz gero, Marta Rovira (ERCko idazkari nagusia) Generalitateko hurrengo presidentea izatea iradoki du Oriol Junqueras ERCko buruzagi eta kargugabetutako Kataluniako Gobernuko presidenteordeak. "Bada garaia emakume bat herrialde honetako buru izateko, hain zuzen ere, amore ematen ez duen emakume bat", azpimarratu du.

Kartzelatik militantziari bidalitako eskutitz batean onartu duenez, kargugabetutako Kataluniako Gobernuak akatsak egin ditu; besteak beste, Estatuaren errepresio maila hori ez aurreikustea.

"Benetan, akatsak egin dira. Bai. Inozoak izan gara. Ez genuen uste Estatua errepresio maila hori aplikatzera ausartuko zenik. Uste izan genuen Europar Batasunak ez zuela onartuko PPren Gobernuak, Espainiako batasunaren izenean, hiritarren kontrako hainbat eraso egitea", adierazi du Oriol Junquerasek bere testuan, Ara egunkariak argitaratu duenez.

Kargugabetutako presidenteordeak ziurtatu duenez, Rajoyk 155. artikuluaren aplikazio gogorragoa egin nahi zuen, autogobernua erabat bertan behera utziz eta Kataluniako hedabide publikoen erabateko kontrola hartuz. Haren esanetan, Europar Batasunaren esku-hartzearen ondorioz, Espainiako Gobernuak hauteskundeak deitu zituen.

"Akatsetatik ikasi behar dugu aurrerantzean hobeto egiteko. Gure indar demokratikoaz kontziente izan behar dugu azpiratu nahi gaituen Estatuaren makinariaren aurrean", amaitu du Junquerasek.

Akatsez harago aurrerapauso handiak eman dituztela azpimarratu du, esaterako, Kataluniako egoera Europar Batasunean eta mundu osoan ezaguna izatea.

Kataluniako Parlamentuak egindako independentzia deklarazioa inoiz gauzatu ez bada ere, Katalunia errepublika "ukitzen" ari dela uste du eta bide horretan lan egiten jarraitzeko deia egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Berriak Politika Alderdi politikoak Eguneko albisteak Kataluniako hauteskundeak