Politika -
Aurrekontuak
Urkullu eta Zapatero akordioan aurrera egiteko bildu dira Moncloan
Akordio bat lortzea posible dela adierazi zuten bi buruzagiek astearteko bileran, baina zenbait gai zintzilik geratu ziren oraindik.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentea eta Iñigo Urkullu EAJko buruzagia Moncloako Jauregian bildu ziren astearte honetan, 2011rako Estatuko Aurrekontu Orokorren lege-proiektuaren inguruan akordio bat lortu nahian.
Bilera baieztatu dute negoziazio horretako iturriek. Iturrien arabera, akordio bat lortzea posible dela adierazi zuten bi buruzagiek astearteko bileran, baina zenbait gai zintzilik geratu ziren oraindik.
Gai horiek adosteko lanean jarraitu dute Jose Antonio Alonso eta Josu Erkoreka PSOEko eta EAJko bozeramaileek, hurrenez hurren. Gobernuaren izenean, Manuel Chaves presidenteordeak parte hartu du bileretan.
Agiri bat
Astearteko negoziazioen ostean, Gobernuak EAJri dokumentu bat helarazteko konpromisoa hartu zuen, elkarrizketen emaitzen berri testu batean emateko, aipatutako iturriek azaldu dutenez.
Hala ere, testua ez dute gaur aurkeztu, baina ostegun honetan EAJren eskuetan izatea espero da.
Diputatuen Kongresuan osoko zuzenketak aurkezteko epea ostiral honetan amaitu baino lehen, akordio bat lortu ahal izatea da helburua. Zuzenketa horiek urriaren 20an eztabaidatuko dituzte osoko bilkuran.