Politika -
Katalunia
CUPek gaur erabakiko du abenduaren 21ean aurkeztuko den eta nola egingo lukeen
Lau aukera daude: ez aurkeztea, ez aurkeztea baina hautagaitza zibil bat babestea, ezkerreko fronte bat sortzea, eta bakarrean aurkeztea.
Agentziak | Erredakzioa
CUP-CCko 4.000 kide baino gehiago deituta daude alderdiaren gaurko Ezohiko Asanblada Nazionalera; bertan, erabakiko dute zer egingo duen CUPek Mariano Rajoyk abenduaren 21erako deitu dituen hauteskundeetan. Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu izateagatik egingo dituzte A-21eko hauteskunde horiek.
Asanblada 10:00etan hasiko da, Granollerseko Kiroldegian (Bartzelona); CUPeko kideez gain, Crida Constituenten bilduta dauden plataformetako kideak ere izango dira bertan.
Secretariat Nacionalek eta Grup d’Accio Parlamentariak prestatutako txostenarekin hasiko da Asanblada; txosten horretan, kontatzen dute "zer gertatu den aurreko legealdiko azken hilabeteetan", eta azalduko dute nolakoa den "egungo egoera politikoa", azaldu diote Europa Pressi CUPen iturriek.
Lau aukera
Asanbladako puntu hori bozkatu beharko dituzten lau aukerak aurkeztuz amaituko dute. Aukerak ondorengoak dira: ez aurkeztea, ez aurkeztea baina hautagaitza zibil bati babesa ematea, ezkerreko fronte bat sortzea, edo bakarrean aurkeztea.
Iturriek esan dutenez, organoek ez dute aukera bataren edo bestearen alde egingo; aurkeztu ondoren, eztabaida zabalduko da, eta proposatutako aldaketez ere hitz egingo dute. Edozein kidek du aukera hitza eskatzeko.
CUPeko lurralde asanbladek prestatu dituzte aldaketa-proposamen horiek; berez, aurkeztuak dira, dagoeneko, eta batek ere ez du aurreikusten beste balizko aukerarik. Hortaz, baztertuta dago CUP PDeCATekin batera joatea hauteskundeetara.
Arratsaldean bozkatuko dute
Asanblada 14:00ak aldera geldituko dute, eta kideek 16:00etan ekingo diote berriro, aldaketa-proposamenak eta lau aukerak bozkatzea xede.
Lehenik eta behin, bozkatuko dute ea CUPek parte hartuko duen ala ez; gerora, nola egingo lukeen.
Kideek ezkerreko frontearen alde egingo balute, beste aukera bat hautatuko lukete; izan ere, ezkerreko fronte hori ez du CUPek bakarrik egiterik, eta gerta liteke ezkerreko gainerako alderdiek ez nahi izatea parte hartu. Hortaz, bigarren aukera bat ere nahi dute prest izan.
CUP bakarrean aurkezteko aukera irabaziko balu, lurralde-asanbladek hautagaiak aurkeztuko lituzteke, hauteskunde-zerrenda osatzeko; kideek hemendik gutxira eman beharko lukete botoa, egutegia estu-estu baitago.
Bozketa amaituta emango dute jakitera emaitza, asanbladan bertan, mitin batean.