Politika -

Manifestazioa

Katalunia kalera aterako da, berriz, 'preso politikoen askatasuna' eskatzeko

Kataluniako erakundeen defentsan eta kontseilariak aske uztea eskatzeko elkarretaratzean parte hartzera dei egin du Puigdemontek, “aldarri bateratu, ozen eta argi” bat adierazteko.

Aurreko mobilizazio bat presoen askatasuna eskatzeko. Artxiboko irudia: EFE
Aurreko mobilizazio bat presoen askatasuna eskatzeko. Artxiboko irudia: EFE
Dena prest Bartzelonan 'Askatasunaren Eguna'ren manifestazio erraldoirako

1:30

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ANCk eta Omniumek manifestazio berri bat deitu dute gaurko, 17:00etan, herritarrak berriro kalera ateratzeko, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez bi erakundeetako presidenteen eta kontseilari presoen askatasuna eskatzeko.

Manifestazioaren burua Bartzelonako Marina kalean kokatuko da, Pujades kalearen parean, eta 500 bat metro egingo ditu Icaria etorbideraino. Bertan agertoki bat izango da, hitzaldiak eta kontzertuak entzuteko.

Protestaren buruan presoen senitartekoak joango dira. Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak guztiak fidantzarik gabe espetxera bidali zituen.

“Bere burua demokratikotzat duen sistema batek ezin du preso politikorik eduki kartzelatan”, adierazi zuen ostegunean Marcel Mauri Omniumeko presidenteordeak. Horregatik, gaurko manifestazioan independentistak bakarrik ez, demokratak ikustea espero zuela azaldu zuen.

Agusti Alcoberro ANCko presidenteordeak manifestazioa antolatzeko konplexutasuna azpimarratu zuen; izan ere, Diadako mobilizazioak antolatzeko hiru edo lau hilabete behar dituzte, eta gaurko protesta hamar egunetan prestatu dute. Generalitateko zortzi kontseilari kargugabetuak kartzelan sartu eta manifestazioa iragarri zuten iragan astean.

ERC, PDeCAT, CUP, Democrates eta MES alderdietako ordezkariek parte hartzea espero da, nahiz eta abenduaren 21 hauteskundeetara aurkezteko hautagaitzak osatzeko lanean murgildurik egon.

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea eta Joseba Aurrekoetxea burukidea Bartzelonan izango dira, manifestazioan. "Kataluniako erakunde legitimoen ordezkariak kartzelatzea" salatuko dute horrela buruzagi jeltzaleek. EH Bilduk jakinarazi zuenez, koalizioak ere ordezkaritza bidali du. Kasu honetan, Maddalen Iriarte eta Pello Urizar izango dira martxan.

Manifestazioan “aldarri bateratua” adieraztea eskatu du Puigdemontek

Kataluniako erakundeen defentsan eta kontseilariak aske uztea eskatzeko elkarretaratzean parte hartzera dei egin du Carles Puigdemont presidentak, “aldarri bateratu, ozen eta argi” bat adierazteko.

Bruselatik mezu bat bidali du agintariak elkarretaratzearen bezperan. TV3 telebistak Puigdemonten hitzak eman ditu.

“155.aren legea inposatu” eta Kataluniako erakundeak “umiliatu” nahi dutenek “kikiltzen” ez uztea eskatu du presidentak. Horretarako, “borroka baketsua” erabiltzea aldarrikatu du.

Kataluniari “hautestontzien bidez bere etorkizuna aske erabakitzea” burutik kenduko dion “barroterik edo erbesterik” ez dagoela nabarmendu du Puidemontek, “inposatutako gobernurik” gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Berriak Politika Kataluniako erreferenduma Gaurko azken ordukoa Azken ordukoa protestak