Politika -

KATALUNIA

Puigdemont, independentziaren aldeko zerrenda bateratuaren buru izateko prest

Zerrenda bateratua osatu ala ez eztabaidatzen ari diren honetan, CUPeko bi diputatuk eta Carles Puigdemontek bilera egin dute Bruselan.

Carles Puigdemont Belgikan egin duen agerraldietako batean. Artxiboko argazkia: EFE
Puigdemont, zerrenda bateratuaren buru izateko prest

1:04

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont presidentea independentziaren aldeko balizko zerrenda bateratuko buru izateko prest agertu da. Urriak 1 hautagaitza bateratua izena jarri diote zerrendari eta gaur aurkeztu dute ekimena Bartzelonan. Sustatzaileek 55.000 sinadura behar dituzte azaroaren 17a baino lehen, hautesle elkartea erregistratu ahal izateko.

Kataluniako Albiste Agentziari (ACN) eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, guztiek dute ekimen horri ekarpena egiteko "betebehar morala", baita berak ere. Horrez gain, zerrenda bateratuaren proposamenarekin bat egiten duela azpimarratu du, alderdi bakoitzaren helburuen gainetik demokrazia babestea duelako xede.

Haren esanetan, zerrenda bateratuak jende askoren batuketa izan beharko luke, alderdi politikoak barne.

CUPeko Anna Gabriel eta Benet Salellas Puigdemontekin elkartu dira Bruselan

Anna Gabriel eta Benet Salellas CUPeko diputatuak Bruselara joan dira gaur Carles Puigdemont presidentearekin bilera egiteko, CUPeko iturriek baieztatu dutenez.

Independentisten artean hauteskundeetarako zerrenda bateratua osatu ala ez eztabaidatzen ari diren honetan egin dute bilera. Carles Puigdemont presidentea zerrenda bakar baten aldekoa da. Ildo horretan, herritar talde batek abenduaren 21eko hauteskundeetarako siglarik gabeko hautesle elkartea sortzea proposatu du.

CUP alderdiak abenduaren 21eko hauteskundeetako zerrendei buruz hitz egiteko eta jarrera erabakitzeko batzarra deitu du iganderako Granollersen.

Lau aukera izango dituzte mahai gainean: ez aurkeztea, ez aurkeztea baina hautagaitza zibil bati babesa ematea, ezkerreko alderdien fronte bat sortzea edo bakarrik aurkeztea.

Gabriel eta Salellas Bruselan atzo eta gaur izan direla jakitera eman du CUPek agiri batean. Alde batetik, Carles Puigdemontekin bildu, eta bestetik, Toni Comin, Clara Ponsati, Lluis Puig eta Meritxell Serret kontseilari kargugabetuekin batzartu direla zehaztu dute.

“Errepresio demokratikoa”

CUPen hitzetan, “aske gelditzen den gobernu legitimoaren zatiari” babesa emateko balio izan dute bilerek, “155. artikuluaren aplikazioarekin eta parlamentu demokratikoa desegitearekin Kataluniak bizi duen errepresio demokratikoaren” erdian.

“Esparru guztietan, baita nazioartean ere, berme demokratikoen gabezia eta oinarrizko eskubideen urraketa salatzen” jarraitzeko beharra baieztatu dute bileretan, agiriak azaldu duenez.

Bestalde, espetxean dauden kontseilariengatik eta “Parlamentuko Mahaiaren aurkako eraso errepresiboagatik kezka” azaldu dute Gabrielek, Salellasek eta Generalitateko kide kargugabetuek.

Estatuaren erantzuna hain “errepresiboa, antidemokratikoa eta konponbiderako borondaterik gabea” izango zenik ez zutela espero esan dute CUPeko buruzagiek bileretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Berriak Politika Bruselako albisteak gaur Belgika Alderdi politikoak albisteak Gaurko azken ordukoa Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès bideoak