Politika -

Auzitegi Nazionala

Langraiz bideko lau presori zigorraren baldintzak arindu dizkiete

Erabakiak Rafael Caride Simon (Bartzelonako Hipercor supermerkatuaren aurkako erasoaren egileetako bat), Aitor Bores, Jorge Uruñuela eta Luis Mari Carrascori eragingo die.

Auzitegi Nazionalaren egoitza. Artxiboko irudia: EiTB
Auzitegi Nazionalaren egoitza. Artxiboko irudia: EiTB
Langraitz bideko ETAko 4 presori euren espetxealdia malgutuko diete

1:00

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langraiz bideari eutsi zioten ETAko lau presori zigorraren baldintzak arintzea onartu du gaur Auzitegi Nazionalak.

Jose Luis Castro Auzitegi Nazionaleko espetxe-zaintzako epailearen erabakiak Rafael Caride Simon (Bartzelonako Hipercor supermerkatuaren aurkako erasoaren egiletako bat), Aitor Bores, Jorge Uruñuela eta Luis Mari Carrascori eragingo die.

Aurreneko bien kasuan, kontrol telematikorako eskumuturrekoa jarri edo sinatzeko beharra erabaki beharko du Kartzelako Zigor Batzordeak; Carrascori asteburuetan espetxetik ateratzeko baimena eman dio eta Uruñuelari baldintzapeko askatasuna eman dio.

Ibon Etxezarreta presoaren helegitea

Auto guztiek fiskalaren oniritzia dute. Auzitegi Nazionalak jakitera eman duenez, epaileak Ibon Etxezarreta presoaren helegitea ebatzi behar du orain, Langraiz bideko azkena.

Caride Simonen eta Aitor Boresen kasuetan, presoek arbuioa eta damua idatziz azaldu dutela gogorarazi du Castro epaileak. Gainera, biek ETArekiko deslotura agerian utzi dutela goraipatu du magistratuak.

Bestalde, biak zigorraren azken fasean daudela kontuan hartu du epaileak, baita jarrera ona ere. Familiaren babesa eta lanpostu bat dutela azpimarratu du magistratuak. Biek kartzelatik kanpo jarduerak aurrera eramateko aukera dute.

Castro epailearen beste auto batek Luis Mari Carrascori eragiten dio. Asteburuetan espetxetik ateratzeko baimena eman dio magistratuak, lan eskaintza bat duenean beste bi presoen baldintzak aplikatzeko aukerarekin.

Azkenik, Uruñuelak zigorraren hiru laurdenak bete dituela kontuan hartuta, baldintzapeko askatasuna eman dio epaileak. Presoak ETAren indarkeria gaitzetsi eta errefusatu duela nabarmendu du magistratuak. Gainera, erantzukizun zibila ordaintzen ari da eta poliziari laguntzeko borondatea azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika albisteak Presoak albisteak ETA albisteak Gaurko azken orduko albistea