Politika -

Ekitaldia

Kataluniako 200 alkatek Puigdemont babestu dute Bruselan

“Juncker jauna, Tajani jauna, hau al da eraikitzera gonbidatu nahi diguzuen Europa? Gobernu bat kartzelan duen Europa bat?”, galdetu du presidentak.

Bruselara joandako alkateek txalo artean hartu dute Puigdemont

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont presidenta jendaurrean agertu da gaur berriro ekitaldi batean, Bruselan (Belgika). Kataluniako 200 bat alkate Bruselara joan dira astearte honetan, nazioartearen arreta bereganatzeko helburuarekin.

Puigdemont Bruselako Arte Ederren Jauregira (BOZAR) heldu da 17:00ak aldera, eta ordu erdi geroago alkateak zain zituen aretora sartu da. Zinegotziek presidenta txalo artean hartu du dute, eta “askatasuna”, “president” eta “Puigdemont” oihuekin.

Lau kontseilari kargugabetuek Puigdemont lagundu dute Bruselako ekitaldian; izan ere, Belgikako hiriburuan jarraituko dute bertako Justiziak Auzitegi Nazionalaren euroaginduak aztertu bitartean.

Alkateen bidaia Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteak (AMI) eta Kataluniako Udalerrien Elkarteak (ACM) antolatu dute. Zinegotziek 12 ordu emango dituzte Bruselan.

Abenduaren 21ko hauteskundeen emaitzak onartzeko “konpromisoa” eskatu die Puigdemontek Europar Batasunari (EB) eta Espainiako Gobernuari. “Datozen hauteskundeetan normaltasun demokratikoa bermatzera gonbidatu nahi ditut agintari guztiak; preso politikorik, errepresiorik eta poliziarik gabe”, adierazi du presidentak ekitaldian.

Ekitaldiaren bukaeran hitza hartu du Puigdemontek. 155. artikuluaren aplikazioa “estatu-kolpea” dela salatu du.

"Demokrazia arriskuan dago"

Espainian “demokrazia arriskuan” dagoela uste du Kataluniako politikariak eta Jean-Claude Juncker Europako Batzordearen eta Antonio Tajani Europako Parlamentuaren presidenteei zuzendu zaie.

“Juncker jauna, Tajani jauna, hau al da eraikitzera gonbidatu nahi diguzuen Europa? Gobernu bat kartzelan duen Europa bat? (…) Kataluniarren erabakia onartuko duzue ala ez, Parlamentuari babesa ematea erabakitzen baldin badute?”, esan du.

Bestalde, Clara Ponsati, Antoni Comin, Meritxell Serret eta Lluis Puig kontseilari kargugabetuek Espainiako kartzeletan dauden gobernukideen askatasuna eskatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Politika albisteak Europar Batasuna Bruselaseko albisteak gaur Kataluniaren independentzia Belgika albisteak Eguneko albisteak Pere Aragonès