Politika -
Gutuna kartzelatik
155a beste toki batzuetan ere ezar litekeela ohartarazi du Junquerasek
'Berria' egunkarian argitaratutako iritzi artikulu batean, Euskal Herriak erakutsitako babesa eskertu du presidenteorde kargugabetuak.
EiTB.EUS
Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde kargugabetuak "bihotz-bihotzetik" eskertu nahi izan die asteburuan Bilbon zein Iruñean 155aren kontra izan diren manifestazio jendetsuetan parte hartu zutenei eta ohartarazi du Espainiako Gobernuak Katalunian ezarritako Konstituzioaren 155. artikulua "beste toki batzuetan ere" ezar lezakeela. Junquerasek idatzitako gutuna kaleratu dut gaur Berria egunkariak, "Elkartasuna, norbere buruaren defentsa bidezkoan" izenburupean.
Gutunaren zati handi bat Euskal Herriak erakutsitako babesa eskertzeko erabili du Junquerasek. "Euskal Herri berde, alai eta borrokalari horrek elkartasunez jokatu du Kataluniarekin azken asteotan, eta bihotz-bihotzez eskertu nahi diot", idatzi du. Hala, asteburuan Bilbon eta Iruñean izandako manifestazio jendetsuak goraipatu ditu politikari katalanak, euria gorabehera. Junquerasen esanetan, "halako zaparradekin ere milaka izan bazineten Euskal Herriko kaleetan, ez dago dudarik berriz irri egingo dugula, samaldaka egin ere, eguzkia ateratzen denean".
ERCko buruzagiak manifestazioen beharra nabarmendu du, "auzokoaren bizarra mozten dakusazunean, sar ezazu zeurea urean" esamoldea gogorarazita. Izan ere, ohartarazi duenez, PPk mehatxu egin du 155a "beste toki batzuetan ere erabili" ahal duela.
Idatzian Kataluniako herriak eta independentziaren aldeko alderdi eta erakundeek jarraitutako eredua goraipatu du ERCko buruak: indarkeriarik gabe dena lor zitekeela, alegia. Hain justu, lelo eta jokaera horri eutsi diotela azpimarratu du Junquerasek. "Harrigarria bada ere, ez zen zakarrontzi bat bera ere puskatu kalean milioi bat lagun jarrita ere. Nahiz eta Espainiako Gobernuaren oldarkortasuna gora eta gora ari zen, irribarre batez erantzuten segitu genuen beti", azaldu du. Ildo horretan, Poliziak urriaren 1ean bozkatzera joandako pertsonak "borraka erasan" zituela salatu du. 155a ezarrita eta Gobernuaren zati bat kartzelara bidalita ere, "zakarrontzirik puskatu gabe segitu dugu, eta euro bat lapurtu gabe", gogorarazi du presidenteorde kargugabetuak.