Politika -
Artikulua 'The Guardian'-en
Puigdemont: 'Gure eskubideak azkenera arte defendatuko ditugu'
Ordezkari soberanistak “kriminalizatzeko eta kartzelaratzeko erasoaldi judizial bortitza” salatu du Kataluniako presidentak.
Aegntziak | Erredakzioa
Carles Puigdemont presidentak Espainiako sistema judizialaren aurka egin du, “politizaturik dagoelako”. Kataluniako Gobernua epaitu behar ez dela aldarrikatuko dutela ohartarazi du: “Gure eskubideak azkenera arte defendatuko ditugu. Gure etorkizun pertsonala baino askoz gehiago dago jokoan, demokrazia bera”.
‘Hau ez da Kataluniaz bakarrik, demokraziaz baizik’ izenburupean artikulua argitaratu du Puigdemontek The Guardian egunkarian. Katalunia herritarrek aukeratutako Parlamentua desegin eta presidentea kargugabetu duten Europar Batasuneko lurralde bakarra dela kritikatu du presidentak.
Ordezkari soberanistak “kriminalizatzeko eta kartzelaratzeko erasoaldi judizial bortitza” salatu du Puigdemontek. Agintariaren hitzetan, independentismoak hauteskundeak irabazi zituen duela bi urte, garaipen historikoa lortuta, Kataluniako Parlamentaren 135 ordezkarietatik 72 eskuratuta.
"Hau laido ikaragarria da”
2015eko garaipen horretan protagonistak izan ziren buruzagiek orain 30 urteko espetxe-zigorrei aurre egin behar izatea deitoratu du Puigdemontek. Terrorismo edo hilketa delituekin alderatu ditu. “Hau laido ikaragarria da eta ondorio larriak izango ditu”, esan du.
JxSiren hauteskunde-programak independentzia eta hauteskunde konstituziogileen deialdia jasotzen zituela gogorarazi du presidentak. “Sekula ezkutatu” ez duen egitaraua aplikatzeagatik Generalitateko zati bat kartzelan izatea nola den posible galdetu du buruzagiak.
“Horregatik, orain Espainian nabarmenak diren gabezia demokratiko larriak mundu osoan salatzen jarraituko dugu”, azpimarratu du Puigdemontek. Agintariaren ahotan, Estatuak independentista izatea uzten du, baldin eta independentzia lortzeari uko egiten baldin bazaio.
Epaileen eta Espainiako Gobernuaren arteko loturak
Espainiako sistema judizialak “gabezia larriak” dituela ziurtatu du Puigdemontek, hala nola, independentzia eta neutraltasun falta. Era berean, epaileen eta Gobernu zentralaren arteko loturak salatu ditu.
Buruzagi soberanisten aurkako auziek “irregulartasun ugari dituzte eta auzipetuek berme formalak izango dituztenik sinestea zaila da”, nabarmendu duenez. Kataluniak Estatu independente bat izateko eskubidea duela defendatzen jarraituko duela gaineratu du.