Politika -

KATALUNIA

Catala: '155. artikuluaren aplikazioa A21eko hauteskundeekin amaituko da'

Baita aukeratzen den Gobernua independentista izanda ere. Espainiako Gobernuko presidenteordearen esanetan, berriz, Belgikako sistema Espainiakoa bezain demokratikoa da eta botere banaketa berbera du.

Rafael Catala Espainiako Justizia ministroa. Argazkia: EFE
Rafael Catala Espainiako Justizia ministroa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rafael Catala Espainiako Justizia ministroaren esanetan, Espainiako Gobernua "zuhurra" izan da. Catalak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuak 155. artikuluaren aplikazioa dela-eta Katalunian hartutako neurriak abenduaren 21eko hauteskundeekin amaituko dira, baita independentistek irabazten badute ere.

Catalak Forum Europaren hitzaldian parte hartu du Bilbon. Haren hitzetan, "ezin dira konparatu" Kataluniako Gobernuko kideen kontra Espainian eta Belgikan irekitako prozedurak eta, hori dela eta, kautelazko neurriak "ez dira konparagarriak".

Ildo horretan, azpimarratu du Espainian irekita dagoena prozesu judiziala dela eta Belgikakoa, berriz, Carles Puigdemont presidentea eta harekin batera Bruselan dauden kargugabetutako lau kontseilarien espainiaratzea ala ez erabakitzeko prozedura.

Espainiako Justizia ministroaren hitzetan, Carles Puigdemont eta Bruselan dauden lau kontseilari kargugabetuak Espainiako justiziaren esku uzteko prozesuak "amaiera ona izango du eta aldeko emaitzarekin bukatuko da".

Catalak Forum Europaren hitzaldian parte hartu du Bilbon. Horren esanetan, horiek guztiek beren eskubide politikoak bere horretan dituzte, eta, hori dela eta, abenduaren 21eko hauteskundeetan hautagai izan ahal izango dute.

Justizia ministroak azpimarratu duenez, "inondik ere" ez dute planteatzen abenduaren 21eko hauteskundeei begira alderdi politikoak legez kanpo uztea.

Belgikako justiziaren erabakia errespetatzen duela esan du Espainiak

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordearen esanetan, Espainiako Gobernuak errespetuz hartu du Belgikako justiziak Carles Puigdemont presidentea eta lau kontseilari kargugabetu baldintzapean aske uzteko erabakia.

Gosari informatibo batean Saenz de Santamariak azpimarratu duenez, "Belgikako sistema Espainiakoa bezain demokratikoa da eta botere banaketa berbera du".

"Espainiakoa bezain demokratikoa den sistema bati buruz ari garen aldetik, Gobernuak erabateko errespetua die Espainiako, Belgikako eta, oro har, botere banaketa eta independentzia judiziala dituzten herrialde guztietako epaileen erabakiei", azaldu du.

Prozesuak luze joko duen galdetuta, presidenteorde espainiarrak erantzun du ez dakiela epeak zeintzuk izango diren.

"Puigdemont presidentea kanpaina Belgikatik egiten" irudikatzen duen galdetuta, presidentea barik "presidente ohia" dela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika Bruselako albisteak gaur Kataluniako erreferenduma gaur Belgika albisteak Espainiako Gobernua Albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur