Politika -

Katalunia

A21ean herri zerrenda bateratua aurkeztearen alde egin du PDeCATek

"Autogobernuaren" mesedetan zerrenda bateratua aurkeztea proposatu du, eta "preso politikoak" askatzeko ere eskatu du.

Artur Mas eta Marta Pascal PDeCATen batzorde nazionalak gaur egindako bileran. EFE
Artur Mas eta Marta Pascal PDeCATen batzorde nazionalak gaur egindako bileran. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marta Pascal PDeCAT alderdiko koordinatzaile nagusiak gaur jakinarazi duenez, "autogobernua" defendatzeko herri zerrenda bateratua aurkeztu nahi dute Mariano Rajoyk abenduaren 21erako deitutako hauteskundeetan. Horretan, "sentsibilitate anitzeko" alderdiek bat egingo lukete.

Bestalde, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart zein Gobernuko "preso politikoak" askatzeko eskatu du ostiral honetan.

Zerrenda horretan ERC eta CUP alderdi independentistak batzeaz gain, Xabier Domenech eta Ada Colauren 'comuns' alderdia ere zerrendan nahiko luketela esan du Pascualek. Eta ildo berean, inor ez dutela baztertzen adierazi du.

"155.artikuluari aurre egiteko laguntza eskatzen diegu alderdi guzti-guztiei" ez baita "hizka-mizka edo gaitzespen mementoa", gaineratu du PDeCATeko agintariak.

Ildo horretan, "zerrenda bateratua osatzeko aurrebaldintzarik" ez dituztela jarriko esan du.

Ostiral honetan, Artur Mas presidente ohiak buru izan duen bilera egin du PDeCATeko batzorde exekutiboak. Horretan, alderdiko zuzendaritzak parte hartzeaz gain, diputatuak eta senatariak izan dira.

Hartutako erabakien artean, alderdian hautagaiak hartzeko beharrezko epeak murriztea erabaki dute.

Nolanahi ere, asteburu honetan PDeCATeko Kontseilu Nazionalak bilera egingo du hauteskundeen harira, eta 155. artikuluaren aplikazioari nola aurre egin zehazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Berriak Politika Alderdi politikoak Gaurko azken orduko albistea Kataluniako hauteskundeak