Politika -

Larunbatean

Podemos Euskadik 155.aren kontrako manifestazioan parte hartuko du Bilbon

Mobilizazio plurala eta bateratuaren aldeko apustua egin du alderdiak, "bai eta eskubide zibil eta politikoak defendatzeko fronte komun baten aldekoa ere".

Nagua Alba Podemos Euskadiko idazkari nagusia, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Nagua Alba Podemos Euskadiko idazkari nagusia, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Nagua Alba Podemos Euskadiko idazkari nagusia, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Podemos Euskadik dei egin die euskal herritarrei azaroaren 4an, larunbatarekin, Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera, "Demokrazia eta Erabakitzeko Eskubidea" lelopean, Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetua eta Kataluniako Gobernuaren zazpi kontseilari kargugabetuak kartzelatzeko erabakiaren aurka. Podemos Euskadik mobilizazio plurala eta bateratuaren aldeko apustua egin du, "bai eta eskubide zibil eta politikoak defendatzeko fronte komun baten aldekoa ere".

Agiri baten bidez, alderdiak esan du "tristura handiz" ari dela ikusten "Katalunian zer ari den gertatzen". "Junqueras eta beste zazpi kontseilari kargugabetuak kartzelan sartu izana, Auzitegi Nazionalak aginduta, oso larria iruditzen zaigu; izan ere, kartzelatze horren arrazoiak politikoak dira, ez juridikoak".

Podemos Euskadiren iritziz, "Zuzenbide Estatu batean ez da zertan halakorik gertatu". "Gaur, gure elkarbizitzak eta gure demokraziak, 155. artikulua aplikatu zutenean bezala, edo Kataluniako autogobernua bertan behera utzi zutenean bezala, beste kolpe bat jasan dute", azaldu du.

"Neurri errepresiboak bakarrik ulertzen dituztenek emandako kolpea"

Podemos Euskadiren arabera, "neurri errepresiboak bakarrik ulertzen dutenek" eman dute kolpe hori: "Mariano Rajoyren Gobernuak agindutakoari jarraitzen diote, PSOEren oniritziarekin". "Inboluzio demokratikoa ari da gertatzen, eta hori arbuiatu nahi dugu; Oriol Junqueras eta Kataluniako Gobernuko zazpi kide kartzelara eramateak erakusten du inboluzio hori. Guztiz arbuiatzen dugu neurri hori; gauza bera egin genuen 155.aren aplikazioarekin, eta Kataluniako autonomia bertan behera utzi zutenean".

Hori dela eta, Podemos Euskadik jakitera eman du larunbateko manifestazioan parte hartuko duela, iraileko 30ekoarekin ere bat egin zuen moduan. Manifestazioa hauek deitu dute: EH Bildu, ELA, LAB, ESK, Stee-eilas, CNT, Etxalde, EHNE eta Gure Esku Dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Politika Kataluniako erreferenduma Alderdi politikoak albisteak Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès Euskadiko Podemos-eko albisteak Podemos Euskadiren idazkari nagusi ohia