Politika -
KUBA
AEBk Kubari ezarritako blokeoa amaitzeko eskatu du NBEk
AEBk eta Israelek aurkako botoa eman dute. Donal Trump enbargoa mantentzearen aldekoa da, eta horri amaiera emateko giza eskubideen eta demokraziaren alorrean aldaketak egitea eskatu dio Kubari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
AEBk Kubari ezarritako blokeoa amaitzeko eskatu du beste behin Nazio Batuen Erakundeko batzar orokorrak, 191 Estaturen aldeko eta AEBren eta Israelen aurkako botoekin.
Duela urtebete, lehen aldiz, testua aurrera atera zen kontrako botorik gabe. Orduan, AEBk eta Israelek abstentziora jotzea erabaki zuten Barack Obamaren Gobernuak Habanarekin hasitako gerturatzea zela eta.
Gaur, ordea, Donald Trump presidentea buru duen AEBk eta haren bazkide israeldarrek kontrako botoa eman dute, AEBk Kubarekiko duen ikuspegi berriaren erakusle. Trump enbargoa mantentzearen aldekoa da, eta horri amaiera emateko giza eskubideen eta demokraziaren alorrean aldaketak egitea eskatu dio Kubari.
Nikki Haley Nazio Batuetan AEBk duen enbaxadoreak ere Trumpen jarrera babestu du. Gainera, garrantzia kendu die AEB eta Israel ez beste guztiak ebazpenaren alde agertu izana. 1992az geroztik hainbat aldiz eskatu izan du NBEren batzar orokorrak enbargoaren amaiera, beti, babes zabalarekin.
Hala ere, AEBko kongresuari dagokio azken erabakia.