Politika -
Bidaia ofiziala
Lehendakariak Kanadako eredua hartu du autogobernuaren erreferentziatzat
Bidaiaren hirugarren egunean, lehendakariak Quebec hirian dagoen Laval Unibertsitatea bisitatu du, Amerikako lehen unibertsitate frankofonoa. Bertan, Sophie d'Amours errektorearekin bildu da.
eitb.eus
Iñigo Urkullu lehendakariak "elkarrizketan, akordioan, negoziazioan eta berrespenean oinarritzen den euskal bidea" babestu du Quebecen, eta "prozesu politiko konplexuak elkarrizketara irekita dauden prozedura demokratikoen" bitartez bideratu ahal izatearen erreferentziako eredutzat jo du Quebec/Kanada eredua.
Bidaia ofizialeko hirugarren egunean, lehendakariak Quebec hirian dagoen Laval Unibertsitatea bisitatu du, Amerikako lehen unibertsitate frankofonoa. Bertan, Sophie d'Amours errektorearekin bildu da, eta mahai-inguru batean hartu du parte unibertsitateko irakasleekin batera.
Laval unibertsitateko erkidego akademikoaren aurrean, Urkulluk adierazi du "Espainiak bere barneko nazionalitateetarako ahokapen hobea aurkitu behar duela oraindik", eta adierazi du euskal ordezkaritza egun hauetan Quebecen egiten ari den bisitak "interes berezia" duela une honetan; izan ere, Quebec-Kanada eredua "erreferentziazko esperientzia baliagarria da, subiranotasun-partekatuko errealitate bat desblokeatzeko aukera ematen baitu aldebikotasun-konpromisoak hartuta?.
"Euskadin interes handiz aztertzen dugu errealitate hori, lehenengo egunetik bertatik. Gure autogobernua eguneratzen jarraitzeko lan egingo dugu, betiere euskal indar politiko desberdinen partaidetza izango duen esparru ireki baten barruan, Estatuarekin itundu beharko den eta gizarteak berretsi eta errespetatuko beharko duen esparru ireki baten barruan", eman du aditzera.
Elkarrizketa, demokrazia, legezkotasuna eta aldebikotasuna
Aldi berean, lehendakariak aditzera eman du bere nahia dela Euskadi errealitate nazional gisa aitor dezaten Europa barruan, eta konbentzituta adierazi du "lehenago edo geroago" Europar Batasunak "Argitasunari buruzko Zuzentaraua" egin beharko duela. Horretarako, Euskadik eta Quebecek babesten duten eredua har dezakete erreferentziatzat. Eredu hori lau printzipiotan oinarritzen da: elkarrizketa, demokrazia, legezkotasuna eta aldebikotasuna.
Euskadiren gaur egungo egoerari buruz mintzatzean, Iñigo Urkulluk "ilusioa" azaldu du terrorismoaren "eragozpena" jasan ondoren zabaldu den aro berriaren aurrean, eta aditzera eman du Eusko Jaurlaritzak bizikidetasuna finkatzeko konpromiso irmoa duela, eta bizikidetasuna "bizikide izatea da bizitzea" gisa ulertzen du, "vivre ensemble" esamoldearen aipamen moduan.
New Yorkeko atentatuaren gaitzespena
Atzo New York hiriaren kontrako atentatua gaitzetsi du: "erlijioa aitzakia duen nazioarteko terrorismoak gizarte zibil eta errugabearen kontra egin du". Lehendakariaren lehen hitzak hildakoen familia eta zaurituei solidaritate eta hurbiltasuna adierazteko izan dira.