Politika -

Katalunia

Kataluniako Parlamentuaren Mahaiak ostegun eta ostiralean deklaratuko du

Sei lagunen kontrako kereila tramitera onartu du Auzitegi Gorenak; sedizio-delitua eta dirua bidegabe erabiltzea ere agertzen dira bertan.

Puigdemont, Mahaiaren aurrean, joan den ostiraleko bozketan. Argazkia: EFE.
Puigdemont, Mahaiaren aurrean, joan den ostiraleko bozketan. Argazkia: EFE.
Puigdemont, Mahaiaren aurrean, joan den ostiraleko bozketan. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenaren Onarpen Gelak (bost epaile ditu) tramitera onartu du, astearte honetan, Fiskaltzak Kataluniako Parlamentuaren Mahaiko kide kargugabetuen aurka aurkeztutako kereila, Kataluniako "prozesuan" eta aldebakarreko independentzia-aldarrikapenean parte hartu izana egotzita. Hala, Pablo Llarena Conde Auzitegi Goreneko epaileak ostegun eta ostiralerako deitu ditu Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko Mahaiko presidentea eta Mahaiko gainerako bost kideak; azaroaren 2an eta 3an deklaratu beharko dute, beraz, 09:30ean hasita. Instruktoreak jakinarazi dienez, ikertu moduan joan behar dute, eta, beraz, abokatuarekin joan beharko dute.

Atzo arratsaldean hasitako deliberazioa berreskuratuta, Gorenak Pablo Llarena epailearen esku jarri du ikerketa; epaile kontserbadoreen elkarte bateko bozeramailea izan zen Llarena.

Kereila hori dela eta, sei lagun epaituko dituzte: Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko Mahaiko presidentea, Lluis Maria Corominas (2017. urteko uztailera arte izan zen Mahaiko kidea, eta Junts pel Siren Parlamentuko taldeko presidentea izan da azken hilabeteotan), Anna Simo, Lluis Guino eta Ramona Barrufet (Junts pel Sikoak izateaz gain, Mahaiko kideak dira hirurak, eta Diputazio Iraunkorreko kideak ere badira; forudunak dira, beraz); eta Catalunya Si que es Poteko Josep Nuet (Mahaiko hirugarren idazkaria).

Manuel Marchena Zigor Arloko Salako presidentea izango da ebazpenaren txostengilea, eta epaile hauek osatuko dute epaimahaia: Andres Martinez Arrieta, Julian Sanchez Melgar, Juan Ramon Berdugo eta Luciano Varela.

Matxinada-delitua: 30 urterainoko kartzela-zigorra

Besteak beste, matxinada-delitua egotzi diete; 30 urterainoko kartzela-zigorra dakar delitu horrek. Ministerio Publikoaren esanetan, "Zuzenbide Estatuko funtsak dinamitatu dituzte"; egindako ekitaldietan, "erabateko mespretxua agertu dute, Konstituzioaren aurrean", espainiar nazioaren zati baten independentzia aldarrikatuz: "Nazioa da espainiar guztien aberri komuna eta zatiezina".

Fiskaltzaren esanetan, horiek egindakoak "Kataluniako lurraldea ere gainditu du", ondorioak Espainia osoak jasan baititu. Halaber, bertatik nabarmendu dutenez, horietako batzuk forudunak dira, Kataluniako Parlamentuko Diputazio Iraunkorreko kideak baitira; Gorenaren aurrean forudunak dira, eta auzitegiak bere eskumena onartzen du.

Indarkeria

Kereilan salatutako delituen gainean, Salak azaldu du fiskalak matxinada-delituari buruz hitz egiten duela, eta argudio asko azaltzen ditu, indarkeria izan zela frogatze aldera. Auzitegiaren arabera, "instrukzioan, instruktoreak adostutako ikerketa-diligentzietan, baieztatuko da hori horrela den ala ez".

Kereilan, halaber, adierazita dago indarkeria egoteko ez dela beharrezkoa "armak egotea, ezta borrokarik edo pertsonen aurkako indarkeria larririk ere". "Matxinadarekin asmo erreboltariak gauza daitezen benetako arriskua sortzearekin nahikoa da", dio. 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpeagatik zigortu zituztenei delitu bera leporatu zieten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Kataluniako erreferenduma gaur Alderdi politikoak albisteak Eguneko albisteak Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès argazkiak