Politika -

KATALUNIA

Puigdemontek ez du asiloa eskatuko, baina ez da itzuliko bermeak izan arte

Bruselan egindako agerraldi batean, Puigdemontek esan du onartu egingo dituela abenduko hauteskundeak, 155. artikuluari buruzko "plebiszitu" gisa.

Carles Puigdemont Bruselako Prentsa Klubean eskaini duen prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Zuhurtzia eta lasaitasunerako deia egin du Carles Puigdemontek

1:56

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont presidenteak gaur azpimarratu duenez, ez da Bruselara joan Belgikan asilo politikoa eskatzera, "askatasunagatik eta segurtasunagatik" baizik. Halaber, azpimarratu du "bermeak" dituenean itzuliko da Kataluniara.

"Ez nago hemen asilo politikoa eskatzeko. Brusela Europako hiriburua delako nago hemen. Ez da Belgikako politikako kontu bat. Askatasuna eta segurtasunez aritzeko nago hemen", adierazi du gaur eguerdian Bruselan egindako prentsa agerraldian.

Puigdemontek ez du argitu Kataluniara noiz itzuliko den eta horretarako "bermeak" eskatu ditu. "Epaiketa justu, independente baterako bermeak baleude, Europako herrialde gehienetan dauden bezala, botere banaketa balego, zalantzarik gabe berehala itzuliko nintzateke", azaldu du.

Bere kontra abiatutako auzibide judiziala "politikoa" dela azpimarratu ostean, "posiziok politikotik eta ez juridikotik" horri aurre egingo diola esan du. "Ez dugu Justiziarengandik ihes egin nahi, baina Europar Batasunaren markoaren baitan berme juridikoak nahi ditugu", gaineratu du.

Halaber, ez du zehaztu etorkizun laburrean zer egingo duen. "Hemen legaltasunaren barruan gaude, ezer urratu gabe eta, beraz, ez dugu inorengandik ezkutatu behar", azpimarratu du. Dena den, ez du azaldu zenbat denboran egongo den Belgikan eta "baldintzen araberakoa" izango dela gaineratu du.

Espainiako Gobernuak abenduaren 21erako Katalunian deitutako hauteskundeei dagokienez, berriz, abenduaren 21eko hauteskundeak eta bertatik ateratako emaitzak onartzen dituela ziurtatu du, eta Espainiako Gobernuari galdera egin dio: "Beti egin izan dugun bezala, abenduaren 21eko emaitzak onartuko ditugu. Espainiako Gobernuari galdera hau luzatzen diot: Berdina egingo al du?". "Demokraziaren lurraldean gara indartsuen eta hor beti irabazi izan dugu", aldarrikatu du.

Europari ere zuzendu zaio eta "parte hartzeko, erreakzionatzeko" eskatu dio. Puigdemontek ziurtatu duenez, ez da Belgikara joan, Bruselara baizik, Europako hiriburura. Haren hitzetan, ez dio Belgikako Gobernuari arazorik eragin nahi eta nazioarteko komunitateari eta Europako erakundeei laguntza eskatu die. "Konponbide politikoa behar duen arazo politikoa da", berretsi du.

Prentsaurrekoan Puigdemontek ziurtatu duenez, Kataluniako Parlamentuan independentzia deklaratu ostean bere Gobernuak "zuhurtzia, segurtasuna eta moderazioa" lehenestea adostu zuen. Haren hitzetan, Espainiako Gobernua "aurrekaririk gabeko "erasoaldi "agresibo" bat prestatzen ari zela egiaztatu ostean zehaztu zituzten lehentasun horiek Generalitateko Jauregian egindako bilera batean.

Puigdemonten esantan, Kataluniako Gobernuak nahiago izan du indarkeriarik ez egotea, errepublika indarkeriatik ezin dela eraiki iritzita., eta konfrontaziorik gabeko estrategia bat defendatu du. Are gehiago, lehentasuna indarkeria saihestea dela aldarrikatu du.

Bestalde, babesa agertu die beren postuetan gelditu diren kargudunei. "Jendeak salbatuko ditu gure erakundeak", gaineratu du. "Ez dugu inoiz Gobernua utziko eta lanean jarraituko dugu", esan du gazteleraz, frantsesez, ingelesez eta katalanez eskaini duen prentsaurrekoan.

Atzerapenarekin hasi da Carles Puigdemontek Bruselako Prentsa Klubean 12:30etarako deituta zuen agerraldia. Puigdemonten prentsaurrekoak izugarrizko ikusmina sortu du eta 200 kazetari baino gehiago bertaratu dira.

Babesa azaltzera joan zaizkio Espainiako Gobernuak kargugabetutako kontseilarietako zazpi: Joaquim Forn (Barne kontseilaria), Maritxell Serret (Nekazaritza), Dolors Bassa (Lana), Meritxell Borràs (Gobernazioa), Toni Comín (Osasuna), Clara Ponsatí (Hezkuntza) eta Lluís Puig (Kultura).

BRUSELA BELGIKA PUIGDEMONT AGERRALDIA CARLES EFE

(Bruselako Prentsa Kluba. Argazkia: EFE)

Belgikako Gobernuaren oharra

Bestalde, Charles Michel Belgikako lehen ministroak azpimarratu du Carles Puigdemont ez dagoela Bruselan Gobernu belgikarrak gonbidatuta.

"Schengen eremuan zirkulazioa librea da eta, beraz, Belgikan egon daiteke; Puigdemont jaunak Europako herritarren eskubide eta betebehar berberak ditu", adierazi du ohar baten bidez.

"Puigdemont jaunak berak esan du Brusela Europako hiriburua delako etorri dela bertara eta gainerako europarrak bezala tratuko dugu", erantsi du.

Nolanahi ere, Michelek jakinarazi du Belgikako eta Espainiako gobernuak "harreman diplomatiko erregularrak" mantentzen ari direla eta "Zuzenbide Estatua errespetatzen dela" zainduko dutela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Politika albisteak Brusela Kataluniaren independentzia Belgika Gaurko azken ordukoa Kataluniako Hauteskundeak gaur Pere Aragonès