Politika -

Katalunia

Guardia Zibila Mossoen egoitzan eta hainbat komisariatan sartu da U-1agatik

Agenteak Kataluniako Poliziaren komisaria nagusietan sartu dira informazio bila, erreferendum eguneko grabazioen bila.

Artxiboko irudian, Guardia Zibilak Katalunian egindako aurreko operazio bat. Argazkia: EFE.
Artxiboko irudian, Guardia Zibilak Katalunian egindako aurreko operazio bat. Argazkia: EFE.
Artxiboko irudian, Guardia Zibilak Katalunian egindako aurreko operazio bat. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibila Egara gunean sartu da, alegia, Esquadra Mossoen egoitza nagusian, baita Kataluniako Poliziaren komisaria nagusietan ere; Bartzelonan, Gironan, Manresan, Sant Feliu de Llobregaten eta Granollersen, hain zuzen ere. Urriaren 1eko erreferendumaren inguruko komunikazioak topatzeko sartu omen dira egoitza horietara.

Polizia-iturriek Efe albiste-agentziari esan diotenez, Guardia Zibilaren agenteak Egara gunean sartu dira, Sabadellen (Bartzelona), baita Bartzelonako Espainia Plazako komisarian, Gironakoan, Manresakoan, Sant Feliu de Llobregatekoan eta Granollersekoan (Bartzelona) eta Tortosakoan (Tarragona).

Mossoek urriaren 1ean aginte-gelarekin izan zituzten barneko komunikazioen bila ibili dira agenteak; erreferenduma Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zuen, eta Kataluniako Auzitegi Nagusiak, bozketa ekiditea xede, Mossoei zuzendutako agindua eman zuen.

Kalez jantzitako bi agente Bartzelonako Espainia Plazako komisarian sartu dira, eta ordu erdiren buruan joan.

Urriaren 20an, Generalitatearen Telekomunikazio eta Informazioaren Teknologien Zentroan

Guardia Zibila bera Generalitatearen Telekomunikazio eta Informazioaren Teknologien Zentrora joan ziren urriaren 20an, epailearen agindu batekin. Esquadra Mossoen Lleidako agintari baten mezu elektronikoak bereganatu nahi zituzten; urriaren 1ean bozketa ekiditeko hartutako segurtasun-neurriekin harremana zutenak.

Aurreko egunean, Ponent eskualdeko komisarian sartu zen Guardia Zibila, Lleidako epaile batek aginduta. Egun hartan, dokumentazioa hartzeko asmoz bertaratu ziren, bai eta Mossoen bi agintariren eta agente baten telefonoetako datuen bila ere.

Urriaren 1ean Esquadra Mossoek egindako lanaren ikerketaren barruan, Guardia Zibilak beste operazio bat ere egin zuen. Urriaren 17an, Generalitateak Reusen (Tarragona) duen 112 larrialdietarako zerbitzuaren egoitza nagusian sartu ziren agenteak; Tarragonako eta Ebroko Lurretako polizia-eskualdeetako barne-komunikazioak eskuratu nahi zituzten.

Auzitegi Nazionala, Kataluniako Auzitegi Nagusia eta Kataluniako hogei epaitegi baino gehiago ari dira ikertzen Esquadra Mossoek urriaren 1ean egindakoa, azken horien jokabidea argitzeko.

Mossoen pasibotasuna

Hain zuzen, Diego Perez de los Cobos koronelak (urriaren 1eko segurtasun-neurriak koordinatu zituen), txosten batean, Mossoen "erabateko pasibotasuna" nabarmendu zuen. Halaber, De los Cobosek esan zuen Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak bozketa galarazteko egindako lana oztopatu zituztela Esquadra Mossoek.

Idazkian, De los Cobosek dio Kataluniako Polizia herritarren segurtasuna bermatzen saiatu zela, "legezko hauteskundeetan egiten denez"; ez zen ahalegindu, ordea, epailearen agindua betetzen.

Koordinatzailearen esanetan, Mossoen Prefekturak emandako aginduei esker, "ezinezkoa izan zen agenteentzat euren esku zegoen lana egitea"; istiluak ekiditeko modukoak izan ziren, baina, horretarako, Kataluniako Poliziak hainbat eskola edo bozkalekuak itxi beharko zituen, aurreko egunetan edo urriaren 1eko lehen orduetan.

Kataluniako Parlamentuak joan den asteko ostiralean independentzia aldarrikatu ostean, Espainiako Gobernuak Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu du, hauteskundeak deitu ditu abenduaren 21erako, Kataluniako Gobernuko kideak kargugabetu ditu eta bere gain hartu du Esquadra Mossoen kontrola. Josep Lluis Trapero orain arteko burua ere kargugabetu dute, eta Ferran Lopez komisarioa jarri dute haren ordez; Lopez Traperoren bigarrena zen orain arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Politika albisteak Kataluniako erreferenduma gaur Alderdi politikoak berriak Eguneko albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur