Politika -
KATALUNIAKO INDEPENDENTZIA
155ari 'oposizio demokratikoa' egiteko eskatu die Puigdemontek herritarrei
Larunbat honetan egindako agerraldian, atzo Parlamentuan onartuko independentzia aldarrikapena babesteko eskatu die kataluniarrei, eta hori 'zibismoz' egiteko.
AGENTZIAK | EITB.EUS
Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak atzo Kataluniako Parlamentuak onartutako ebazpena babesteko eskatu die kataluniarrei, eta zibismoz egiteko defentsa hori. "Orain arte lortutakoa defendatzeko modurik onena Konstituzioaren 155. artikuluari oposizio demokratikoa egitea da, kataluniarren borondatearen kontrako eraso prestatua baita bere aplizioa" esan du.
Mariano Rajoyk kargugabetu egin zuen atzo, baina "gizarte demokratiko batean Parlamentuak" direla "presidenteak aukeratu edo kargugabetzen dituztenak" adierazi du TV3 kateak eman duen agerraldi instituzionalean, Gironatik.
Puigdemontek garbi utzi nahi izan du ez duela 155 artikulua onartuko: "Herritarrek eman diguten agindu demokratikoa betetzeko lanean jarraitzeko borondatea dugu, eta era berean, ahalik eta egonkortasun eta lasaitasun handiena lortu nahi dugu, inoiz gure herriak bizi izan ez duen moduko egoera honek dituen zailtasun logikoak ulertuta".
Generalitatearen logotipoa zuen atril baten atzean, eta Kataluniako zein Europako banderen ondoan, Puigdemontek esan du Parlamentuan bizitako egun "historikoaren, demokratikoaren eta zibikoaren" ondotik, herritarren aginduari kasu egiten jarraituko dutela: "Ez gaitezen nahastu: jarrai dezagun irabazle egin gaitzakeen jarrera bakarrarekin. Bortizkeriarik gabe, irainik gabe, modu inklusiboan, pertsonak, sinboloak eta iritziak errespetatuz, baita gehiengo parlamentario honek erabaki duenarekin ados ez daudenenak ere".
"Errepresio eta mehatxuetatik babestuz egin behar dugu; eta inoiz, inola ere, jarrera zibiko eta bakezalea alde batera utzi gabe. Ez daukagu eta ez dugu nahi indarraren arrazoirik. Guk ez", zehaztu du.
"Herri libre bat" eraikitzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du, "injustizia gutxiago dituen gizarte bat, berdinagoa, elkartasun handiagokoa, eta mundu guztiko herriekin anaitasun gehiago duena;ta hori, Espainiako herriekin hasita, elkarren errespetu eta aitortzatik anaitu nahi gara" esan du.