Politika -

Katalunia

Puigdemontek baztertu egin du hauteskundeetara deitzea 'berme ezagatik'

Generalitatearen presidenteak adierazi duenez, bozena zen bilatzen ari zen aukera nagusia; baina, deituta ere PPk 155.a ezartzeko asmoa zuela ikusita, atzera egitea erabaki du.

Puigdemont, gaur. Argazkia: EITB
Puigdemont, gaur. Argazkia: EITB
Puigdemontek baztertu egin du hauteskundeak deitzea Katalunian

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Generalitatearen presidenteak atzera egin zuen Katalunian hauteskunde aurreratuetara deitzeko asmoan, goizean horixe egiteko asmoa bazuen ere, Espainiako Gobernuak 155. artikulua ez aplikatzeko bermerik eman ez diolako.

Atzoko eguna Kataluniako politika garaikidean izan den egun nahasienetako bat izan zen, gidoi aldaketa nabarmenekin, agerraldi atzerapenekin, etab. Independentisten artean tentsioa oso handia izan zen eta barne zatiketa sortzear izan zen une askotan.

Generalitateko Jauregian asteazkenean zazpi orduko goi-bilera egin ostean, goizak Puigdemonten eta bere kontseilarien bilerarekin argitu zuen, eta gero Junts pel Siren diputatuak batu zitzaizkien. Une horretan, Kataluniako presidenteak hauteskundeetara deitzeko asmoa helarazi zien diputatuei, horrela 155. artikulua saihestuko zuelakoan.

Erabakia hainbat bitartekariren laguntzari esker iritsi zen, tartean Iñigo Urkullu lehendakariaren bitartekaritzarekin. Izan ere, lehendakaria enpresari kataluniarrekin elkartu zen Puigdemonti hauteskundeen bitartez 155.a saihets zezakeela aholka ziezaioten. Era berean, Miquel Iceta, Jose Montilla eta Nuria Marin ere jo eta su aritu omen ziren Moncloaren eta Puigdemonten artean bitartekari lanak egiten.

generalitat-kanpoan-giroa-urriak-26-eitb_

Generalitatearen Jauregiko kanpoaldea. Efe

Atsekabea

Hauteskundeen iragarpena kolpe gogorra izan zen ERCko diputatuentzat, Democratesentzat eta PDeCATeko kide batzuentzat, tartean Albert Batalla La Seu d?Urgelleko (Lleida) alkatearentzat eta Jordi Cuminal CDCren komunikazio arduradun ohiarentzat. Azken horiek alderdia utziko zutela ere iragarri zuten sare sozialetan.

Junts pel Si osatzen duten alderdiek aparteko bilera egin zuten bitartean, Generalitateak iragarri zuen Puigdemontek agerraldia egingo zuela 13:30ean, eta hauteskundeak aurreratuko zituela espero zen, azkenean 17:00etan izan zen agerraldia.

Independentziaren aldeko oihuak, Puigdemonten agerraldiaren ostean

Ez da hauteskunderik izango

Baina 155.aren aurrean independentzia aldarrikatu behar zela iritzi ziotenak asaldatzen ari ziren unean, zalantza zabaltzen hasi zen, Puigdemonten agerraldia lehenik ordubete atzeratu eta gero bertan behera utzi zutelako.

Parlamentua desegin eta hauteskundeetara deituta ere PPk 155.ari eutsiko ziola jakin zenean, Kataluniako presidenteak 17:00etarako deitu zuen agerraldia; eta orduan bai, orduan adierazpen instituzionala egin zuen.

Puigdemontek Generalitateko Jauregiko Galeria Gotikotik azaldu zuenez, "hauteskundeak deitzeko prest egon naiz normaltasun osoz egiteko bermeak egonez gero, baina ez dago hauteskundeak justifikatuko lituzketen inolako bermerik".

Puigdemontek salatu zuen Espainiako Gobernuaren erantzuna ez dela "arduratsua" izan eta gainera, bere eskaintzaren aurrean "tentsioa handitzeko aprobetxatu" duela aukera.

Parlamentuak erabakiko du

Puntu horretara iritsita, "Parlamentuari dagokio 155.aren aplikazioaren ondorioen aurrean nola jokatu erabakitzea", azaldu zuen.

Hain zuzen ere, Junts pel Sik atzo Puigdemonti adierazi zion jarrera "argia" eta "bateratua" nahi zuela gaurko plenoan independentzia aldarrikapenaren alde.

Ordubete geroago Parlamentuko saioa hasi zen, eta oposizioaren kritikak entzun zituen bertan, erantzuteari uko eginda.

Osoko Bilkura Kataluniako Parlamentuan

Lluis Corominas Junts pel Siko (JxSi) presidenteak Kataluniako Parlamentuko osoko bilkuran aurreratu zuenez, urriaren 1eko erreferendumetik ateratako "mandatuarekin jarraitzea" proposatuko zuen haren taldeak gaurko, ostirala, bilkuran. Gaineratu zuenez, Kataluniako Parlamentuak "ez du onartuko" 155. artikuluaren aplikazioak berekin dakarren "erasoa".

Ines Arrimadas EFE

Arrimadas, Parlamentuan. Efe

Gaurko osoko bilkura 12:00etan hasiko da, baina taldeek 10:30 arte dute ebazpenak aurkezteko aukera, eta baliteke orduan jakitea azkenean independentzia aldarrikapena bozkatuko de ala ez.

Bilkura horri begira, Junts pel Sik alkate guztiak gonbidatu ditu, 700 baino gehiago, eta dagoeneko 200dik gora izan dira bertan egongo direla ziurtatu dutenak.

Senatua 155. artikuluari buruz

Espainiako Gobernuak Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpen "mailakatua" egingo du Katalunian, Senatuak onartu egin baitu PSOEk helburu horrekin aurkeztutako zuzenketa.

Santi Vila kontseilariak dimisioa eman du

Santi Vila Kataluniako Generalitateko Enpresa eta Ezagutza kontseilariak dimisioa eman du bart, Gobernutik jakinarazi dutenez.

Generalitateak independentzia aldarrikapenaren alde eginez gero, kargua utziko zuela esanda zien Vilak gertukoenei.

Bermeen Kontseiluak ez du babesten Gobernua kargugabetzea

Gainera, Estatutu Bermeen Kontseiluak ebazpena kaleratu zuen 155. artikuluaren aplikazioa dela eta. Ez du babestu Espainiako Gobernuaren proposamena, Kataluniako Gobernu osoa kargugabetzea, Parlamentuaren jarduera mugatzea eta Kataluniako administrazioko erakundeetan esku hartzea.

Kontsulta organo horrek lege kataluniarrak Konstituzioan egokitzen ote diren aztertzen du, eta bere ebazpenean oso kritiko agertu da Ministroen Kontseiluak proposatu dituen neurriekin.

Bermeen Kontseiluak azpimarratu du 155. artikulurako aurreikusitako neurriak "izaera eta aplikazio" mailakatua izan behar dutela, eta proportzionalak izan behar direla. Hala, "zigortzea ezin da izan helburua".

Konstituzioak aurreikusitako helburuak lortzeko bidean, Kontseiluak ez du uste horren barruan sartuko litzatekeenik "presidentea eta Generalitat osoa kargugabetzea, Parlamentuaren oinarrizko jarduerak mugatzea eta Kataluniako Administrazioan esku hartzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniaren independentzia Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès