Politika -

Aurrekontuak 2018

Aurrekontuak norekin adostu nahi dituen argitzeko eskatu diote Urkulluri

Iñigo Urkulluk ez du nahikoa Alderdi Sozialistaren babesarekin, eta EH Bilduren, Elkarrekiko Podemosen edo PPren botoak behar ditu aurrekontuak onartzeko.

Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramailea. Argazkia: EFE
Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramailea. Argazkia: EFE
Aurrekontuak adosteko aukera egiteko eskatu dio oposizioak Urkulluri

1:14

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018ko aurrekontu proiektua norekin adostu nahi duen argitu dezala eskatu diote oposizioko taldeek Iñigo Urkullu lehendakariari.

EAJk eta PSEk ez dute gehiengoa Eusko Legebiltzarrean eta, beraz, EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen edo Alderdi Popularraren babesa behar dute beren egitasmoa aurrera ateratzeko.

EH Bilduren ordezkaritza bat ostiral honetan batzartuko da Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuarekin. Gaur, Maddalen Iriartek esan du EAJk bi aukera dituela: "155. artikulua ezarriko duten PPrekin eta PSErekin akordioa egitea edo EH Bildurekin adostasun bat bilatzea".

"EAJk zer nahi duen erabaki behar du", erantsi du koalizio soberanistaren bozeramaileak.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuak "ez-nahikotzat" jo ditu, hezkuntza, osasunean, politika sozialetan eta garapen ekonomikoan gabeziak antzeman dituztelako.

Anton Damboreneak lehendakari gogorazi dio aurtengo aurrekontuak PPren abstentzioari esker onartu zituela, eta bi aukera dituela azpimarratu du: "Alderdi Popularraren babesa bilatu eta egonkortasunaren alde egitea edo aurrekontuak independentistekin eta populistekin hitzartzea".

Damoberenea haserre agertu da Urkulluk aurrekontuei buruz hitz egiteko bere alderdia lehenetsi ez duelako eta ondoko ohartarazpena egin du: "Hauek ez da gure proiektua, ez zaigu gustatzen eta, ondorioz, ez dugu inolako beharrizanik onartzeko".

EAJk Diputatuen Kongresuan Espainiako Gobernuaren aurrekontuak ez babesteak Euskadiko PPren jarreran eragina izan dezakeen galdetuta, "bideak eta epeak ezberdinak" direla erantzun du. Eusko Jaurlaritzarekin akordio batera heltzeko prest daudela berretsi du, baina Euskadi "irla bat" ez dela zehaztuta.

Julen Bollain Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak uste du Iñigo Urkulluren Exekutiboak Alderdi Popularrarekin adostuko dituela aurrekontuak.

"Oraindik ez dugu egitasmoa ikusi, baina aurrekariak ezagututa uste dugu ez dutela arazo handirik izango aurrekontuak PPrekin hitzartzeko beste behin ere", adierazi du.

Bollainek aitortu du “nabarmena” dela Elkarrekin Podemosek eta Eusko Jaurlaritzak defendatzen dituzten eredu ekonomikoak "oso ezberdinak" direla. Hala ere, aurrenkontu horietan ahalik eta gehien eragiten saiatuko direla erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Urkullu azken albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra bideoak EH Bildu Gipuzkoa Euskal sozialistak Euskadiko PP Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi