Politika -
Edukia sarean zabaltzeagatik
I-11gatik zigortutako espainiar bat atxilotuta, ISISen kide izatea egotzita
Barne Ministerioaren arabera, gizon horrek espetxe-zigorra jaso zuen Al-Qaidako kide izateagatik eta kartzelatik irten zenean, 2011an, "'zibersoldaduaren jardunari ekin zion".
agentziak | erredakzioa
52 urteko eta espainiar jatorrizko gizon bat atxilotu dute gaur, asteazkena, Madrilen, ISISen kide izatea egotzita. Barne Ministerioaren arabera, "kide berriak erakartzeko eta, erakarrita zeudenak, doktrinatzeko edukiak" zabaltzen zituen, "ekintza terroristak egin ditzaten".
Hedabideei igorritako ohar batean zabaldu duenez, gizon horrek (ez dute izena jakinarazi) espetxe-zigorra jaso zuen Al-Qaidako kide izateagatik eta kartzelatik irten zenean, 2011an, "'zibersoldaduaren jardunari ekin zion, soldatu jihadistaren 2.0 bertsioa, informatikaz baliatzen dena ideologia terrorista partekatu eta zabaldu, eta elkarri eragiteko".
"New Yorkeko Irailaren 11ako atentatuengatik Espainian zigorra jaso duen lehenengo pertsona izan ostean", "eta espetxean bederatzi urte baino gehiago eman eta gero, organizazio baten kide izateagatik eta armak edukitzeagatik ", dio Barne Ministerioak, 2011ko maiatzean irten zen kartzelatik.
Nahiz eta hedabideen aurrean esan "bakean bizi" nahiz zuela eta ez zela terrorista bat, Polizia Nazionalak atxilotua kontrolatzen jarraitu zuten.
Hala, Barne Ministerioaren arabera, atxilotuak "jarduteko modu birtual bat garatu zuen Interneten edukiak masiboki zabaltzeko, identifikatua izan gabe".
Antza denez, materiala handia batu eta "hainbat profiletan gordetzen" zuen, baita mezuak partekatzeko aplikazioetan ere, "ahalik eta pertsona kopuru handienari" eragiteko.
Doktrinamendu horrekin batera, "bere estrategia delitugilearen zutabe nagusietako bat beste pertsona batzuk borrokarako prestatzea zen"; horretarako, aireratzen zituen bideoetan "bera agertzen zen arma zuriak abilezia handiz maneiatzen, eraso terroristak egiteko mezuak zabalduz".
Barne Ministerioaren arabera, atxilotuak "errekruta berriak baldintzatzen zituen psikologikoki, eta eraso terroristak egiteko borondatea agertzen zuten arte prestatzen zituen, martirioaren inguruko aginduetan oinarrituta".
Operazioak zabalik jarraitzen du, eta Polizia Nazionaleko Informazioko Komisaria Nagusiko agenteek egin dute, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eta Instrukzio Epaitegi Zentralak koordinatuta.
Gaurko atxilotuarekin, 207 dira jada 2015eko ekainaren 26tik, hau da, Barne Ministerioak Terrorismoaren Aurkako 4 Alerta Maila ezarri zuenetik, atxilotutako ustezko jihadistak.