Politika -
Katalunia
Poliziak CUPen egoitza miatzeko agindurik ote zuen ikertuko du epaile batek
Epaile batek onartu egin du CUPen salaketa eta irailaren 20an alderdi horren egoitza agindu judizialik gabe miatzen ahalegindu zen argitzeko eskatu dio Poliziari.
Agentziak | Erredakzioa
Urriaren 1eko erreferenduma galarazteko asmoz joan den irailaren 20an Katalunian izandako polizia-operazio zabalaren baitan, Espainiako Polizia CUPek Bartzelonan duen egoitzara joan zen.
CUPeko buruzagiek ohartarazi zuten lokala miatzeko helburuarekin bertaratu zirela, horretarako agindu judizialik ez bazuten ere. Berehala ehunka manifestari bildu ziren egoitzaren atarian, agenteak barruan sartzea ekiditeko.
Sei orduz egoitza inguruan egon ostean, Poliziak handik alde egin zuen.
CUPek gertakariak auzitegian salatu zituen eta orain Bartzelonako epaile batek azalpenak eskatu dizkio Espainiako Poliziari, alderdi independentistaren salaketa tramitera onartuta.
Salaketan, CUPek hainbat delitu leporatzen dizkio Poliziari, hala nola, bizilekuaren bortxaezintasunaren kontrako delituak, funtzionario publikoek intimitate-eskubidea urratu izana eta indarkeria delitu larriak egin izana.
Epailearen arabera, CUPen salaketak azaldutako gertakariak delitu penaltzat jo litezke, eta, beraz, egun hartan izan zuen jokabideari buruzko xehetasun guztiak txosten batean biltzeko eskatu dio Espainiako Poliziari.
CUPen esanetan, Poliziak "erakunde mafioso baten moduan" jardun zuen, agindu judizialik gabe bere egoitzan sartzen saiatzeagatik.
Militante batzuei erreferendumaren kanpainarako materiala inolako aktarik erakutsi gabe kendu zietela salatu du CUPek. Ildo berean, Polizian egoitzan sartzen saiatu zela, baina horretarako agindu judiziala erakuts zezatela exijitu ostean, agenteek atzera egin zutela azaldu dute salaketan.
"Askatasun politikoaren kontrako eraso bat izan zen, poliziak erakunde politiko baten lokalean sartzen ahalegindu zirelako", azpimarratu du CUPek.