Politika -

Katalunia

Senatuak 155.aren batzordea eratu eta bilkuraren formatua erabakiko du gaur

Oraindik ez dago argi Puigdemont ostegunean edo ostiralean agertuko den, ezta joango den ere. PDeCATek helegitea jarri du, Senatuak larunbatean onartutako akordioak baliogabetzea eskatuz.

Pio Garcia Escudero, Senatuko presidentea, Pedro Sanz (presidenteordea) eta Joan Lermarekin. EFE
Pio Garcia Escudero, Senatuko presidentea, Pedro Sanz (presidenteordea) eta Joan Lermarekin. EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Senatuak gaur, asteartea, eratuko du 27 senatarik osatutako batzordea, Espainiako Gobernuak Konstituzioaren 155. artikuluari helduta onartutako neurriak aztertzeko, eta Goi Ganberan ostiralean egitekoa den osoko bilkura antolatuko du, Ministro Kontseiluan hartutako akordioak behin betiko onartzeko asmoz.

Carles Puigdemontek ez du argitu Senatura joango den, 155.aren aurrean alegazioak aurkezteko, baina, bitartean, Senatuak egutegia betetzen jarraituko du, Espainiako Gobernuak onartutako neurriei babesa emateko (gehiengo osoaren oniritzia behar dute).

Hala, Mahaia eguerdian bilduko da, eta ostiraleko ezohiko saioaren gai ordena onartuko du. Egun horretan Mariano Rajoy agertzea espero da, baina baliteke Puigdemont ere joatea, neurriak onartuz gero, kargutik kenduko baitute, eta Kataluniako Gobernua desegin.

Bileraren ostean, 13:00etan, Espainiako Gobernuak onartutako 155.aren neurriak bideratuko dituen batzordea osatuko dute, eta Pio Garcia-Escudero Senatuko presidentea izango da horren buru.

Batzordeak, bestalde, lantalde bat osatuko du, eta horren zeregina taldeek aurkez ditzaketen zuzenketak eta aldaketak aztertzea izango da, baita Generalitatearen dokumentuak eta alegazioak ere. Horiek guztiak, ostegunean, hilak 26, eguerdian egingo duten saio batean erabakiko dituzte, ateak itxita, gainerako lantaldeetan bezala.

Ostegunean, 17:00etan, berriro bilduko da batzordea, lantaldearen ebazpena eztabaidatu eta neurrien proposamena behin betiko onartzeko, hain zuzen, hurrengo egunean osoko bilkuran bozkatuko dutena.

Une horretan, Puigdemontek alegazioak defendatzeko aukera izango du, baina, arazorik balu (egun horretan Kataluniako Parlamentuan ere bilduko dira, hain zuzen, 155.az hitz egiteko) Pio Garcia-Escuderok hurrengo egunean egiteko aukera emango dio.

Batzordearen lanaren gaineko xehetasunak eta zuzenketak egiteko epeak gaur, asteartea, erabakiko dituzte, hala nola, ostiraleko saioaren egitaraua. Saioa eguerdian hasiko da, eta sei ordu baino gehiago irautea espero da.

PDeCATek larunbateko akordioak baliogabetzea eskatu du

Josep Lluis Cleries PDeCATeko Senatuko bozeramaileak helegitea aurkeztu zuen atzo, astelehena, Senatuko Mahaian, Goi Ganberak aurreko larunbatean 155. artikuluaren aplikazioaren harira onartu zituen akordioak bertan behera uztea eskatzeko, eta, gainera, Mahaia berriz bildu aurretik, Bozeramaileen Batzordeak akordioak ezagutu eta aldatzeko aukera izatea eskatu du.

Idazkian gaineratu duenaren arabera, Bozeramaileen Batzordea kontuan hartu behar izan zuten akordioak onartu baino lehen, Goi Ganberako Araudiaren 44. artikuluak ezartzen duenez, besteak beste, bilkuren eguneko ordenari eragiten diolako.

Hori dela eta, Bozeramaileen Batzordea deitzeko eskatu dio Senatuko Mahaiari, gai horren inguruko akordioak jakinarazi eta aldatzeko. Ondoren, Mahaia berriz bildu beharko litzateke, dagozkion neurriak onartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Kataluniaren independentzia Espainiako Gobernua argazkiak Gaurko azken ordukoa