Politika -
Katalunia
Senatuko 155aren batzordea osatuko duten 27 ordezkariak
Alderdi Popularrak 15 kide izango ditu; PSOEk, sei; Unidos Podemosek, bi; eta ERCk, EAJk, Talde Nazionalistak eta Mistoak, bana.
Agentziak | Erredakzioa
Senatuan ordezkaritza duten zazpi taldeek Katalunian Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeko batzorde berriko kideak izendatu dituzte gaur.
27 senatari dira guztira. Alderdi Popularrak 15 kide izango ditu; PSOEk, sei; Unidos Podemosek, bi; eta ERCk, EAJk, Talde Nazionalistak eta Mistoak, bana.
Pio Garcia-Escudero Senatuko burua izango da batzorde horretako presidentea. Izendapena egiteko, Garcia-Escudero Batzorde Konstituzionalean sartu behar izan du PPk azken orduan (Batzorde Konstituzionaleko eta Autonomia Erkidegoetako Batzorde Orokorreko kideak izan behar dira senatariak, ezinbestean).
Hauek dira 27 ordezkariak:
Alderdi Popularra ordezkatuz, Garcia-Escudero bera, Pedro Sanz presidenteordea, Jose Manuel Barreiro PPko bozeramailea, Xavier Garcia Albiol PPCko burua, Javier Arenas, eta Juan Jose Imbroda eta Juan Jose Lucas Autonomia Erkidegoetako Batzorde Orokorreko eta Batzorde Konstituzionaleko presidenteak, hurrenez hurren.
Albiol, artxiboko argazki batean. EFE
Aipatutakoekin batera, beste hauek osatuko dute PPren ordezkaritza: Alberto Fabra, Tomas Burgos, Jesus Labrador, Maria Dolores Lopez Jimenez, Joaquin Luis Ramirez, Luisa Fernanda Rudi, Clara San Damian eta Rosa Vindel.
Alderdi Sozialistak honakoak izendatu ditu: Ander Gil bozeramailea, Oscar Lopez Ganberako Atzerri Gaietako bozeramailea, Luisa Carcedo Talde Sozialistako idazkaria, eta Francisco Menacho, Begoña Nasarre eta Tontxu Rodriguez senatariak (Barakaldoko alkate ohia).
Unidos Podemosen izenean, honakoek jardungo dute: Oscar Guardingo eta Miren Gorrochategui bizkaitarra.
Miquel Angel Estrade izango da ERCk batzordean izango duen ordezkaria. EAJk, bestalde, Jokin Bildarratz eleduna izendatu du.
Bildarratz, artxiboko argazki batean. EFE
Talde Nazionalistak Josep Lluis Cleries PDeCATeko bozeramailea izendatu du, eta Talde Mistoak, Francisco Javier Yanguas nafarra (UPN).
Prozedura
Batzordea astearte honetan eratuko da, bi presidenteordeak eta bi idazkariak izendatuta. Ondoren, lantaldea osatuko dute. Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak alegazioak aurkez ditzake Espainiako Gobernuaren neurrien kontra, eta horixe jakinarazi behar dio lantalde horrek. Generalitateko presidenteak agerraldia egin dezake alegazioak defendatzeko, edota ordezkari bat izendatu.
Horrekin batera, taldeek ere zuzenketak aurkez ditzakete.
Ostegunean txostena egin eta balizko zuzenketak jasoko ditu lantaldeak, eta egun horretako 17:00ak baino lehen, batzordearen bilera deituko du, bozkatzeko. Biharamunean, hilaren 27an, behin betiko txosten hori eztabaidatuko du Senatuko bilkurak.