Politika -

katalunia

EiTBko Erredakzio Kontseiluak hedabide publikoetan esku hartzea salatu du

EiTB Taldeko langile batzordeek ere salatu dute Espainiako Gobernuak Kataluniako komunikabide publikoetan esku-hartzea erabaki izana.

EiTBren erredakzioa, Bilboko egoitza nagusian. Argazkia: EiTB
EiTBren erredakzioa, Bilboko egoitza nagusian. Argazkia: EiTB
EiTBren erredakzioa, Bilboko egoitza nagusian. Argazkia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EiTBko Erredakzio Kontseiluak eta langile batzordeek Katalaluniako komunikabide publikoen kontrola bere gain hartzeko Espainiako Gobernuak hartutako erabakia salatu eta beren babesa eta elkartasuna helarazi diete TV3 eta Catalunya Radioko langileei.

EiTB Taldeko langile batzordeek (Euskal Telebista, Eusko Irratia, EiTB eta eitb.eus) bat egiten dute TV3, Catalunya Radio eta Kataluniako Albiste Agentziako langile batzordeek argitaratutako oharrarekin, eta, beraz, "Estatuak Kataluniako komunikabide publikoak esku hartzeko hartu duen erabakia" errefusatu dute.

"PPren gobernuak erakunde kataluniarren aurka hartutako neurriek komunikabide publikoen independentziari eraso egiten diote eta TV3, Catalunya Ràdio eta Kataluniako Albisteen Agentzia Estatuaren kontrolpean jarri nahi dituzte", salatu dute EiTBko langile batzordeek.

"Oharrean gogoratzen dute urteetan eskatu dutela Kataluniako Parlamentuak lege berria onartzea, komunikabide publikoentzat eredu demokratiko eta pluralaren bidea abiatzeko. EITBko langileok ere urteak daramatzagu euskal komunikabide publikoentzat helburu bera eskatuz: alderdikerietatik at dauden komunikabide publiko profesionalak. Hortaz, geure egiten dugu Kataluniako komunikabide publikoetako langileen aldarrikapena", azaldu dute.

Horrez gain, "komunikabideen independentzia eta informazio eskubidea aldarrikatzen dugu eta guztiz gaitzesten dugu Estatuko botereek Kataluniako erakundeen aurka egindako esku hartzea".

Amaitzeko, EiTBko langileen "babesa eta elkartasuna" adierazten diete TV3, Catalunya Radio eta Kataluniako Albiste Agentziako beharginei.

"Hedabide publiko askerik gabe ez dago demokraziarik"

EiTBko Erredakzio Kontseiluak "Espainiako Gobernuak, oposizioko alderdien babesarekin, Kataluniako komunikabide publikoetan esku-hartzeko adierazi duen asmoa" salatu du.

Gaur, astelehena, goizean Erredakzio Kontseiluak zabaldu duen oharraren arabera, "demokraziaren eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoa da, 155. artikulua ezarriz, titularitate publikoko medioetan egin nahi duen interbentzioa, eta, komunikabide publikoetako profesional bezala, onartezina iruditzen zaigu".

EiTBko Erredakzio Kontseiluaren esanetan (ETB, Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Radio Vitoria eta eitb.eus-eko erredakzio kontseiluek osatzen dute), komunikabideen kontrola eskuratuz "informatzeko eskubidea urratzen da, demokraziaren oinarri sendoetariko bat; izan ere, Kataluniako gizartearen informazio iturri dira aipatutako komunikabide publikoak".

Era berean, interbentzioak "TV3, Catalunya Radio eta ccma.cat-eko eguneroko lana eta profesionalen jarduna zalantzan jartzen ditu".

Horregatik guztiagatik, EiTBko Erredakzio Kontseiluak "edozelako interbentzio edo esku-hartzea salatzen du, eta gure babes eta elkartasun osoa adierazten diegu TV3, Catalunya Radio eta ccma.cat-eko profesionalei".

Azkenik, EiTBko Erredakzio Kontseiluak bat egiten du TV3, ccma.cat eta Catalunya Radioko langileek egindako adierazpenarekin: "Hedabide publiko askerik gabe ez dago demokraziarik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniaren independentzia Espainiako Gobernua Alderdi politikoak albisteak Eguneko albisteak