Politika -
Inkesta baten arabera
Bloke independentistak gehiengo absolutuari eutsiko lioke Parlamentuan
'El Periódico de Catalunya'k argitaratutako inkestaren arabera, hauteskundeak ERCk irabaziko lituzke, PDeCAT laugarren indarra bihurtuko litzateke eta CUPek 9-10 eserleku lortuko lituzke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Katalunian hauteskundeak orain egingo balituzte, alderdi independentistek irabaziko lituzkete, Kataluniako Parlamentuko 70 eta 73 eserleku artean eta botoen % 47,9 lortuta, El Periodico de Catalunya hedabideak argitaratutako inkestaren arabera.
Hauteskundeak ERCk irabaziko lituzke, eserlekuen 43-44 eskuratuta; PDeCAT laugarren indarra bihurtuko litzateke, 18-19 eserleku lortuta, eta CUPek 9-10 bereganatuko lituzke (aurreko hauteskundeetan lortutako eserleku kopuru bera edo bat gutxiago).
Bloke independentistaren botoak zenbatuta, gehiengo absolutua izango lukete; 70-73 eserleku, hain zuzen (egun, 72 dituzte). 2015eko hauteskundeetan, botoen % 47,9 lortu zituen; inkestaren arabera, orain % 47,8 lortuko lituzke.
ERC eta Convergència batera aurkeztu ziren aurreko hauteskunde-deialdira Junts pel Sí (JxSí) izenarekin, eta orduan 62 eserleku lortu zituzten.
Bestalde, PSCk 20-21 eserleku irabaziko lituzke (16 ditu); Ciudadanosek, 21-22 (25 ditu); eta PPk, ordea, 1 edo 2 galduko lituzke (11 ditu).
Catalunya en Comú alderdiak Kataluniako Parlamentuan sartzea lortuko luke, 11-12 eserlekurekin (Catalunya Sí que es Potek 11 ditu).
Urriaren 16a eta 19a bitartean, Mariano Rajoyren Gobernuak 155. artikuluaren aplikazioa proposatu aurretik, egindako galdeketen emaitzetan oinarritu da GESOP enpresak ondorio hauek kaleratzeko.