Politika -
Katalunia
Sanchez: '155.a aktibatzea Puigdemonten erabakiaren araberakoa izango da'
''Kataluniaren arazoa ez da Espainia; arazoa bere agintari kaskarrak dira'', esan du PSOEko buruak. Konstituzioaren erreformaren aukera irekitzea eskatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak igande honetan adierazi duenez, "Kataluniaren arazoa ez da Espainia; arazoa bere agintari kaskarrak dira, politika egiteko gizartearen banaketa, lurraldeen arteko istiluak eta legez kontrako jarrerak erabiltzen dituztenak".
Madrilgo PSOEren Kongresuaren itxiera ekitaldian, Sanchezek adierazi du Europako Konstituzio guztiek dituztela "155. artikulu propioa", "batasuna hausteko asmoz" egindako "aldebakarreko erasoei" aurre egiteko.
Hala ere, gaineratu du "Espainian 155.artikulua aktibatzen bada Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen azken erabakiaren menpe" egongo dela.
PSOEko buruzagiaren arabera, "Espainiako politikaren historian eta bereziki Katalunian ez da inoiz egon autogobernu hain bizi eta sakonik 1978ko Konstituzioak onartu duena baino".
Halaber, gaineratu du inork ez duela "hainbeste egin Kataluniako autogobernuaren kontra sezesionismoak baino". Horri lotuta, esan du ezkerrak ez duela zerikusirik Kataluniako sezesionismoarekin.
Alderdi sozialista PPren dagoela diotenei ere erantzun die Sanchezek, eta esan du PPko kideek Espainiaren ideia "erabat ezberdina" dutela. Hori bai, egon badagoela batzen dituen zerbait: "Lurraldearen batasunaren defentsa".
Bere hitzaldian, Sanchezek Konstituzioaren erreformari egin dio aipamen, eta erreformaren inguruko eztabaida "behetik gora" egitea proposatu du, gazteek parte hartu dezaten.