Politika -
Katalunia
Kataluniako Parlamentuak gaur erabakiko du nola aurre egin 155. artikuluari
Bozeramaileen Batzordea goizean bilduko da, eta orduan jakingo da nola eta noiz bideratuko dituen Parlamentuak 155. artikulua eta independentzia. Baliteke ostiralean ere egitea bilkura.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordea gaur, urriak 23, bilduko da, 10:30ean, hurrengo osoko bilkuraren gaiak zehazteko. Aurreikuspenen arabera, bertan argituko da noiz eta nola bideratuko dituzten Espainiako Gobernuak Katalunian 155. artikulua ezartzeko proposatutako neurriak eta balizko independentzia aldarrikapena.
Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak larunbatean adierazi zuenez, 155. artikulua abiatzeko neurriak aztertzeko deitu nahi du osoko bilkura. "Eztabaidatu eta erabaki dezagun!", adierazi zuen.
Iturri soberanisten arabera, "aukeretako bat" da ostiralean egitea hitzordu hori, Senatuko bilkurarekin bat eginez.
Politika Orokorreko Eztabaida edo Osoko Bilkura Monografikoa
Puigdemontek larunbatean osoko bilkura eskatu aurretik, JxSí eta CUP alderdiek mahai gainean jarrita zuten independentzia aldarrikapena bultzatzea. Azkenean horren alde egingo balute, Bozeramaileen Batzordeak erabaki beharko luke zein formatutan egin.
Horri lotuta, JxSí eta CUP bi aukera ari omen dira aztertzen: Politika Orokorreko Eztabaida edo Osoko Bilkura Monografikoa. Bi ereduek aukera ematen dute egitasmoa modu azkar batean onartzeko, eta Auzitegi Konstituzionalaren aurkaratzea edo inpugnazioa saihesteko.
Bata zein bestea deitu, ez lukete zertan aldez aurretik azaldu independentzia jorratu nahi duten ala ez, eta hala errekurtsoa ekidingo lukete.
Ohiko osoko bilkura deituko balute, berriz, zer bozkatuko duten zehaztuko beharko lukete.
Independentzia bozkatu ala ez
Erreferendumaren legeak jasotzen duenez, urriaren 1eko bozketan baiezkoak irabazi ondoren, independentzia inolako bozketarik gabe aldarrikatu beharko litzateke, herritarren borondatea delako. Hori errespetatzearen aldekoa da CUP.
Carles Puigdemont bera izan zen ostegunean bozketa egiteko aukera mahai gainean jarri zuena, eta, hain zuzen ere, hori izan da azken egunotan JxSí eta CUP alderdien arteko harremanetan landu den gai nagusietako bat.
Bozketarik egingo ez balitz, hirugarren aukera bat legoke: Puigdemontek independentzia aldarrikapena bertan behera uzteko erabilitako formatua errepikatzea: Osoko Bilkura berezia, gai bakarra duela: Kataluniako presidentearen agerraldia.
Senatua
Senatuko Mahaia larunbatean bildu zen, eta Ministro Kontseiluak onartutako neurriak hartu ditu jada, aldeko sei botorekin (PPren lau eta PSOEren bi). EAJk, berriz, kontra bozkatu zuen.
27 senatari arduratuko dira Gobernuaren proposamena tramitatzeaz, bilkuran aurkeztu aurretik. Gaia eztabaidatuko duen batzorde hori asteartean (urriak 24) eratuko da, 13:00etan.
Ostegunera arte (12:00) izango du batzorde horrek epea neurrien aldeko edo kontrako ebazpena kaleratzeko (ateak itxita egongo dute). Ondorioz, ostegun goiza arteko epea izango du Puigdemontek alegazioak aurkezteko edo Senatura bertara joateko. Ostegun goizeko ebazpen hori berriro eztabaidatuko dute arratsaldean, 17:00etan, eta ostiralerako osoko bilkurara igorriko dute.
Senatuaren osoko bilkura ostiral goizean izango da, eta Gobernuak arratsaldean bertan aplikatu ahalko ditu neurriak.