Politika -

KATALUNIA

Rajoy: 'Muturreko egoerak bultzatuta, Gobernuak zerbait egin behar du'

Espainiako Gobernuko presidenteak ez du baieztatu Katalunian urtarrilean hauteskundeak deitzea adostu duen ala ez PSOErekin.

Mariano Rajoy. Argazkia: EFE
Rajoy: 'Gobernuak zerbait egin behar du Kataluniako egoera bideratzeko'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak gaur ziurtatu duenez, Katalunian "muturreko egoera" dago eta, ondorioz, bere Gobernuak zerbait egin behar du.

Europako Kontseiluaren baitan Bruselan egin duen prentsaurrekoan ez du baieztatu nahi izan PSOErekin urtarrilean Katalunian hauteskundeak deitzea adostu duen ala ez, Carmen Calvo sozialisten Berdintasun idazkariak TVEri baieztatu bezala.

Era berean, ez du argitu Espainiako Gobernuak TV3 telebista publikoaren kontrola hartuko duen ala ez. "Nork esan du hori? Nork esan du Gobernuak komunikabide publikoetan eskua sartuko duela?", galdetu dio kazetariari.

Horrela bada, Rajoyk ez du inolako xehetasunik eman: "Ez dut ezer baieztatzen, ezta gezurtatzen ere", berretsi du.

"Hartuko ditugun neurri guztiak bihar iragarriko ditugu", nabarmendu du. Espainiako Ministroen Kontseilua larunbatean elkartuko da Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeko.

Rajoyk Generalitatearen jokabidea baztertu du: "Ez dut Kataluniako Gobernuaren jarrera defendatze, baina bere posizioa oso gaizki defendatu du. Ezin dira eman zaizkion erraztasunak baino gehiago eman", azaldu du. Gaineratu duenez, Generalitateak Estatutuaren eta Espainiako Konstituzioaren kontrako "hamaika" erabaki hartu ditu, eta legetik kanpo kokatu da. "Horrek, logikoki, zerbait egitera behartzen gaitu", nabarmendu du.

PSOEk esan bezala, 155. artikuluaren aplikazioak "mugatua" izan behar ote duen galdetuta, neurri guztiak PSOErekin eta Ciudadanosekin lorturiko akordioaren emaitza direla nabarmendu du. "Bakoitzak kalifikatu ditzala nahi duen bezala", gaineratu du.

Rajoyk azaldu duenez, 155. artikuluaren aplikazioak ez du "indarra" erabiltzea aurresuposatzen. Haren hitzetan, helburua "legalitatea, marko konstituzionala eta normaltasun instituzionala" berrezartzea dira.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Rajoy berriak Espainiako Gobernua argazkiak Gaurko azken ordukoa