Politika -
Madrilgo Alderdi Sozialista
Gomezek Zapaterori kalte egiten diola ukatu du PSOEko zuzendaritzak
Tomas Gomez PSMko buruzagiaren inguruan alderdi guztia "bat eginda" dagoela ziurtatu du Leire Pajin PSOEko antolakuntza idazkariak. Bestalde, Gobernua "ahituta" ikusten duela adierazi du Rajoyk.
Erredakzioa
Tomas Gomez PSMko buruzagiaren inguruan alderdi guztia, zuzendaritza federala barne, "bat eginda" dagoela ziurtatu du Leire Pajin PSOEko antolakuntza idazkariak. Era berean, Gomezen garaipenak Gobernuko presidenteari kalte egiten dionik ukatu du Pajinek.
"Gaur guztiak bat eginda gaude, eta Madrilen irabazteko lan egingo dugu bat eginik", adierazi du Pajinek prentsaurrekoan, PSOEko Zuzendaritzako Batzorde Iraunkorra bildu eta gero. Jose Blanco alderdiko idazkariorde nagusia buru izan du bilerak.
Horrela, Madrilgo hautagai sozialistak zuzendaritzaren "ausardia, gogo eta babes guztia" duela argi utzi nahi izan du publikoki Pajinek.
Bestalde, Gobernua "ahituta" eta "oso ahulduta" ikusten duela esan du gaur Mariano Rajoy PPko presidenteak, baina primarioen emaitzengatik Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteari erasotzea baztertu du. Horrela, PSOEren barne arazoetan "sartuko" ez zela adierazi du.
Primarioak
Horrela, Tomas Gomez Madrilgo Alderdi Sozialistaren (PSM) idazkari nagusia izango da Madrilgo Autonomi Erkidegoko hauteskundeetarako hautagaia. Gomez Trinidad Jimenezi gailendu zaio igande honetan egin diren hauteskunde primarioetan. Alderdiko iturriek euren egoitzan esan dutenaren arabera, Gomezek botoen % 53 lortu ditu, eta Jimenez Osasun ministroak berriz, %47.
Emaitza kolpe handia da Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuarentzat eta PSOEren zuzendaritzarentzat, dena eman baitute publikoki Jimenezen alde. Hori horrela, Zapaterori aurre egin eta garaile atera den buruzagi sozialista bakarra da Tomas Gomez.