Politika -

Katalunia

Puigdemont: Hitz egin ezean, independentzia bozka lezake Parlamentuak

Hori izan da Kataluniako presidenteak Gobernu espainiarrak egindako galderari eman dion erantzuna, bigarren epea agortu ostean.

Carles Puigdemont
Carles Puigdemont
Azken unean erantzun dio Puigdemontek Rajoyren errekerimenduari

1:18

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak Gobernu espainiarrak egindako eskaerari erantzun dio gaur, osteguna, eta Kataluniari buruzko eztabaida politikoa abiaraztea eskatu eta, hori egin ezean, independentzia aldarrikatzeko aukera aipatu du: "Parlamentuak urriaren 10ean bozkatu ez zuen independentziaren aldarrikapen formala bozka lezake".

Hori izan da Kataluniako presidenteak Gobernu espainiarrak egindako galderari eman dion erantzuna, bigarren epea gaurko 10:00etan agortu ostean.

"Astelehenean bidali nizun gutuna bilera egitea proposatu nuen, eta oraindik ez da kontuan hartua izan", gaineratu du Puigdemontek.

Eskakizuna Gobernu espainiarrak nahitaez eman behar duen pausoa da, Konstituzioaren 155 artikulua aplikatu ahal izateko eta, horrela, Kataluniaren autonomia bertan behera uzteko. Puigdemonten iritzian, horrek esango luke "arazoaz jabetu ez dela, eta ez dela hitz egin nahi".

Puigdemontek gutunaren hasieran adierazi duenez, urriaren 1ean Kataluniako herriak "independentzia erabaki zuen erreferendumean, hautesleen gehiengo zabalaren babesarekin", "Erresuma Batuan 'brexit'a abiarazteko jaso duena baino handiagoa, eta Kataluniako Estatutua bozkatu zuen katalan kopuru handiagoarekin".

Kataluniako Parlamentu urriaren 10ean egin zuen agerraldiaren harira, urriaren 1ean herritarrek emandako "aginduaren ondorioak etetea" proposatu zuela gogorarazi du.

"Zuri eta niri Europa eta mundu osoko erakunde, zein eragile politiko eta sozialek etengabean eskatutako elkarrizketa errazteko egin nuen. Ildo horretatik, astelehenean bidali nizun gutuna bilera egitea proposatu nuen, eta oraindik ez da kontuan hartua izan", gaineratu du.

Puidemonten esanetan, "errepresioa eteteko eskera ere ez da kontuan hartu", baizik eta "guztiz kontrakoa, areagotu egin da" eta Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez Omnium Cultural eta ANCko presidenteak, hurrenez hurren, kartzelara bidaltzea elkarri du, eta horiek "ibilbide baketsu, gizalegezko eta demokratikoak diren bi entitateren" liderrak dira.

"Estatuaren Gobernuak bere horretan jarraitu, elkarrizketa oztopatu eta errepresioarekin jarraituz gero, Kataluniako Parlamentuak, hala erabakitzen badu, urriaren 10ean bozkatu ez zuen independentziaren aldarrikapen formala bozka lezake", erantsi duenez.

Aurreko asteartean, Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteordeak adierazi zuenaren arabera, Parlamentuak "izaera formaleko bozketa" egin lezake, independentzia "aplikatzea Gobernuari agintzeko"; hori izan zen, hain zuzen, Puigdemontek aurreko asteko agerraldian "etenda utzi zuena", Mariano Rajoyren Gobernuari bi hilabeteko epea emanda, hitz egiteko.

Espainiako Gobernuak urrats gehiago eman ditu 155.erantz

Espainiako Gobernua Puigdemont presidentearen erantzunaz jabetu da eta, ondorioz, Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeko pausoak ematen jarraituko du.

Moncloak ohar baten bidez eta, ondoren, Iñigo Mendez de Vigo Hezkuntza ministroak galderarik gabeko agerraldi batean errepikatu duenez, ministroen ezohiko bilera deitu dute larunbaterako, urriak 21, Senatura igorriko dituen neurriak onartzeko, "espainiarren interes orokorra babesteko, besteak beste Kataluniako hiritarrena, eta Autonomia Erkidegoan ordena konstituzionala berrezartzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Mariano Rajoy Kataluniako erreferenduma Eguneko albisteak Carles Puigdemont Kataluniako prozesua zuzenean