Politika -
Katalunia
AI: 'Sanchezen eta Cuixarten espetxeratzea gehiegizkoa da'
AIren hitzetan, sedizioagatik bi independentisten kontrako karguak aurkeztea eta behin-behineko espetxealdia “adierazpen eta bilera askatasunen gehiegizko murrizketak” dira.
Agentziak | Erredakzioa
Irailaren 20 eta 21eko protestengatik Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANCko eta Omniumeko presidenteei sedizioa leporatzea “gehiegizkoa” dela uste du Amnistia Internazionalak (AI). Horregatik, kartzelatik ateratzea eskatu du gobernuz kanpoko erakundeak.
Gobernuz kanpoko erakundearen hitzetan, sedizio delitu larri batengatik bi independentisten kontrako karguak aurkeztea eta behin-behineko espetxealdia “adierazpen eta bilera askatasunen gehiegizko murrizketak” dira.
Erreferendum legeari dagokionez, Amnistia Internazionalak ez du Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena zalantzan jartzen, baina sedizioa “oso modu orokorrean zehaztutako delitua” dela ohartarazi du. “10 urte arteko espetxe-zigorrak” suposatu ditzakeela gogorarazi du.
Askatasun eta bilera eskubideak
“Giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen arabera, gizarteko erakundeek eta pertsonek erreferendumari eta independentziari buruzko iritziak plazaratzeko aukera ematen dute adierazpen eta bilera askatasunek, indibidualki zein kolektiboki, baita bilera publikoen testuinguruan ere”, zehaztu du Amnistia Internazionalak.
Zentzu horretan, “Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren aurkako oposizioa eta erreferendumaren aldeko bilera publiko baketsuak antolatzeko” eskubidea babesteko eskatu die John Dalhuisen Amnistia Internazionalaren Europako zuzendariak agintariei.
“Helburu legitimoekin eskubide horri zenbait murrizketa ezartzeko” baimena ematen die nazioarteko eskubideak Estatuei, gobernuz kanpoko erakundeak onartu duenez, baina “emaitza lortzeko tresna arinena erabili behar dute horretarako, ez oldarkorrena”.