Politika -
Geroa Bai
Guardia Zibilak Altsasuko alkateari egindako grabazioak salatu dituzte
Guardia Zibilen Batasuneko kideek Javier Ollori egindako “ezkutuko grabazioak” salatu ditu Geroa Baik. Altsasuko alkatea guardia zibilekin astelehenean bildu zen.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilen Batasuneko kideek Javier Ollo Altsasuko alkateari egindako “ezkutuko grabaketak” salatu ditu Geroa Baik. Alkatea guardia zibilekin astelehenean bildu zen.
Bi guardia zibil eta haien bikotekideen aurkako erasoa herriko taberna batean duela urtebete gertatu zen. “Aitzakia horrekin” bilera eskatu zutela azaldu du Geroa Baik agiri batean. “Gertakari deitoragarriak” izan zirela berretsi du koalizioak. Auzian Altsasuko zortzi gazte inputaturik daude, horietako hiru kartzelan.
Olloren “baimenik gabe” egindako “ezkutuko grabazioak” Guardia Zibilen Batasuneko kideekin bildu eta bi egun geroago salatu ditu Geroa Baik.
“Taldea artatzeko beste konpromiso batzuk alde batera utzi zituen alkateak”, Geroa Baik azpimarratu duenez. Aldez aurretik abisurik eman gabe, guardia zibilak udaletxean agertu ziren eta “inolako baimenik eskatu gabe alkatearekin izandako elkarrizketa grabatu zuten”, erantsi duenez.
Grabaketa filtratu dute
Guardia zibilen taldea OK Diario-ko bi kazetarirekin azaldu zen, baina kazetariak ez ziren bilerara sartu. Hala ere, “baimenik gabeko grabaketa ondoren filtratu zuten, etikoki eta moralki gaitzesgarria”, kritikatu du Geroa Baik.
Geroa Bairen hitzetan, “grabazioaren testuingurua eta edizioa ezagutzea ez da posible; Altsasuko alkatearen baimenik gabe grabatutakoa ikuspegi okerra eta partziala duen Madrilgo komunikabidearen eskuetan uztea ez da onargarria”.
Koalizioaren ahotan, jokabide horiek “ez dute batere etikarik, herriko giroa gehiago nahasten dute, nahiz eta etorkizunera begiratu eta bakean eta duintasunez bizi nahi”.
“Bizikidetzaren aldeko apustua egiteko Altsasura etorri zen elkartea baimenik gabeko grabazio bat erabiltzea harrigarria da”, gaineratu dute.