Politika -
KATALUNIA
800 bat enpresak atera dute beren egoitza soziala Kataluniatik
Egoitza soziala Kataluniatik kanpora eramatea erabaki dutenen artean daude, besteak beste, Gas Natural, Sabadell, Caixabank, Abertis, Planeta eta Codorniu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Urriaren 1eko erreferendumaz geroztik eta pasa den astelehenera arte, 805 enpresak erabaki dute beren egoitza soziala Kataluniatik ateratzea, Espainiako Erregistratzaileen Kolegioak zabaldutako datuen arabera.
Bestalde, 38 enpresak eraman dute beren egoitza soziala Kataluniara urriaren 2tik pasa den astelehenera bitartean.
Luis Suarez Kataluniako Erregistratzaileen Kolegioko dekanoak azaldu duenez, egungo egoera politikoaren eraginez batez beste 150 enpresak eraman dute beren egoitza soziala Kataluniatik kanpora.
Pere Aragones Generalitateko Ekonomia idazkariak gaur baieztatu duenez, hainbat enpresak beren egoitza soziala aldatzeko hartutako erabakiak "aldi baterakoak" dira eta ez dute oinarririk; izan ere, "segurtasun juridikoa bermatuta dago".
TV3 telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean azpimarratu duenez, egoitza soziala Kataluniatik ateratzeak ez du esan nahi lantokiak ere tokiz aldatuko dituztenik. Ildo horretan, "borondate administratiboa duen aldi baterako operazio" gisa ikusten ditu.
Aragonesen esanetan, Espainiako Gobernuak egoera hori behartzeko "borondate argia" izan du eta horren adibide gisa jarri du enpresei egoitza aldatzea errazteko Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak onartutako lege dekretua.