Politika -

Katalunia

Jordi Sanchez (ANC): 'Askatasuna defendatzeagatik zigortu nahi gaituzte'

ANCko eta Omniumeko buruzagiek "batasunerako" eta "lasaitasunerako" deia egin dute, espetxeratu aurretik grabatutako bideo banatan.

Jordi Sanchez ANCko presidenteak bideo bat zabaldu du

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jordi Sanchez ANCko presidenteak bideo bat zabaldu du Auzitegi Nazionalak bera eta Jordi Cuixart Omium Cultural plataformako burua kartzelatzea erabaki eta gero. Carmen Lamela epaileak ebazpena publiko egin baino ordu batzuk lehenago grabatutakoa da, espetxeratze agindua etor zitekeela aurreikusita.

Bideo horretan, Sanchezek "batasunarekin eta modu baketsuan" erantzuteko deia egin die independentistei.

"Askatasuna defendatzeagatik eta aspalditik egiten ez genuen bezala kalera ateratzeagatik zigortu eta beldurtu nahi gaituzte", kritikatu du.

"Zera eskatu nahi dizuet, hurrengo egunetan emango ditugun erantzunetan, eta errepublika aldarrikatu arte egingo ditugun mobilizazio etengabeetan, hain indartsu egin gaituen jarrera mantentzea: batasuna, gizalegea eta konfiantza", erantsi du.

Horren esanetan, "ez gaituzte makurraraziko indartsu izaten jarraitzen badugu. Ni indartsu nago. Badakit hainbat pertsona haserratuko dituen erabakia dela [kartzelatzea], eta ni ere haserratu nau [...], baina urriaren 1ean askatasunaren ateak irekitzea erabaki genuen, eta irabazi egingo dugu".

Lasaitasunerako eta lanean jarraitzeko deia egin du Jordi Cuixartek

Jordi Cuixartek ere bideo bat grabatu du eta Lamela epaileak espetxeratze agindua jakinarazi eta gutxira zabaldu dute sare sozialetan.

"Lagun maiteok. Bideo hau ikusten ari bazarete Estatuko aparatuek nire askatasuna mugatzea erabaki dutelako da", esanez hasi du mezua.

"Bagenekien Estatuaren errepresioak ez duela mugarik Kataluniako uholde demokratikoaren aurka", erantsi du.

"Esan nahi dizuet inoiz baino garrantzitsuagoa dela orain lasaitasuna mantentzea eta bizi dugun une historikoaren garrantziaz jabetzea", azpimarratu du.

Ildo horretan, gogora ekarri du frankismo garaian Omnium elkartearen egoitza itxi egin zutela, 1963 eta 1967 urteen artean. "Orduan aurrera atera baginen, ez izan zalantzarik orain ere gauza bera egingo dugula. Beharrezkoa bada, klandestinitatetik egingo dugu lan berriro, gure sustrai demokratikoarekin konbentzituta gaudelako".

Horrez gain, Cuixartek azpimarratu du orain arte Espainiako Gobernuak huts egin duela, erreferenduma egingo ez zela esan zutelako, baina Kataluniako herritarrek bozkatu egin zutelako. "Orain esango dute ezinezkoa dela Estatu berria eraikitzea", ohartarazi du.

"Mesedez eskatzen dizuet, erakunde soberanistetako buruzagiak edo ordezkariak preso egon arren, jarrai dezagun antolatuta lanean. Eta ez dezagun inoiz itxaropena galdu", galdegin die herritarrei.

Protestak astearte honetarako

Testuinguru honetan, ANCk eta Omnium Culturalek protestak deitu ditu astearte honetarako.

Hain zuzen ere, deia egin dute 12:00etan "Kataluniako lantokietan" protesta "baketsuak eta demokratikoak" egiteko, eta 19:00etan udaletxeen eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzetan elkarretaratzeak egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Kataluniako erreferenduma Eguneko albisteak