Politika -
Auzitegi Nazionala
ANCko eta Omniumeko presidenteak espetxera bidali ditu Lamela epaileak
Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen burua eta Teresa Laplana intendentea, aldiz, aske utzi ditu kautelazko neurriak jarrita.
Agentziak
Jordi Sanchez Kataluniako Asanblea Nazionaleko (ANC) presidentea eta Jordi Cuixart Omniumeko burua espetxera bidali zituen atzo, astelehena, Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak, fidantzarik gabe, U-1eko erreferenduma saihesteko operazioa egiten ari ziren guardia zibilen aurkako elkarretaratzeak “bultzatzeagatik”.
Fiskaltzak ANCko eta Omniumeko presidenteak baldintzarik gabe espetxeratzea eskatu zuen aurretik. Sanchez eta Cuixart epailearen aurrean deklaratzen azkenak izan ziren, eta Auzitegitik espetxera eraman zituzten, zuzenean.
Irailaren 20 eta 21eko elkarretaratzeen arduradun nagusiak izatea egotzita kartzelatu ditu epaileak.
“Bereziki garrantzitsua da biek izan zuten papera, modu aktiboan parte hartu baitzuten elkarretaratzeak deitzen, horiek zuzentzen eta sustatzen egun osoan, eta guardia zibilekin egindako negoziazio batean”, epailearen autoaren arabera.
Espetxeratzea erabakitzeko, Lamelak “delituak errepikatzeko arriskua” dagoela adierazi zuen, “talde antolatu baten parte” direlako. Halaber, “frogak hausteko posibilitate handia” dagoela gaineratu zuen.
Irailaren 20ko protestei dagokienez, Lamelak esan zuen elkarretaratze horiek sustatzeko erabilitako WhatsApp taldeak U-1ean ere erabili zituztela.
Epailearen esanetan, Sanchezek eta Cuixartek ez zuten manifestazio baketsuak egiteko deia egin, “agintari katalunak babesteko” eta “Guardia Zibila geldiarazteko” manifestazioak baizik.
Hori horrela, “erresistentziarako deia” eginez, ANCko eta Omniumeko buruek “legea eta epaileen ebazpenak ezartzea galarazi” nahi zutela gaineratu zuen.
“Haien helburua zen independentzia erreferendum ilegala eta Kataluniako Errepublika independentea sustatzea”, ohartarazi zuen.
Sanchezek Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean protesta egiten ari zirenei egindako deia ere jaso zuen epaileak atzo zabaldutako autoan: “Ez dadila inor etxera joan, gau luzea izango da”.
Trapero, aske, baina kautelazko neurriak jarrita
Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen burua, aldiz, aske utzi zuen epaileak, baina kautelazko neurriak jarrita. Horrela, 15 egunean behin sinatu beharko du epaitegi batean, pasaportea kendu diote eta Espainiatik ateratzeko debekua ezarri.
Ordu batzuk lehenago, Esquadra Mossoen burua espetxera baldintzarik gabe bidaltzea eskatu zuen Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Traperok ia bi ordu eman zituen Carmen Lamela epailearen aurrean deklaratzen.
Lamelak autoan azaldu zuenez, Traperoren jokabidea “ez dago nahikoa zehaztuta” irailaren 20 eta 21eko istiluekin zuzenean lotzeko.
Hala ere, gertakari “oso larriak” direla azpimarratu zuen magistratuak. Mossoen burua eta Kataluniako Gobernuaren “helburu independentista” lotzen dituzten osagaiak egon badaudela erantsi zuen Lamelak.
Laplana ere, aske, baina kautelazko neurriak jarrita
Lehenago, Lamelak aske utzi zuen Teresa Laplana Esquadra Mossoen intendentea, baina 15 egunik behin sinatu beharko du epaitegi batean, pasaportea kendu diote eta Espainiatik ateratzeko debekua ezarri. Fiskaltzak espetxeratzeko eskatu zuen, 40.000 euroko fidantzapean.
Laplanak bideokonferentzia bidez deklaratu zuen, ustezko sedizio delitua izan zen argitzeko abiatutako ikerketaren harira. U-1eko erreferenduma saihesteko operazioan, irailaren 20an, Generalitateko Ekonomia Kontseilaritza jendez inguratuta zegoela, Guardia Zibilaren patruilek laguntza eskatu zuten, baina Laplanak entzungor egin zuen, Guardia Zibilaren txostenaren arabera.