Politika -
Madrilgo Alderdi Sozialista
Tomas Gomezen garaipenak kolokan utzi du Zapatero
Datuen arabera, PSMko idazkari nagusia garaile atera da barne hauteskundeetan eta Esperanza Aguirreren aurkari sozialista izango da 2011ko maiatzeko hauteskunde autonomikoetan.
Erredakzioa
Tomas Gomez Madrilgo Alderdi Sozialistaren (PSM) idazkari nagusia izango da Madrilgo Autonomi Erkidegoko hauteskundeetarako hautagaia. Gomez Trinidad Jimenezi gailendu zaio igande honetan egin diren hauteskunde primarioetan.
Alderdiko iturriek euren egoitzan esan dutenaren arabera, Gomezek botoen % 53 lortu ditu, eta Jimenez Osasun ministroak berriz, %47.
Emaitza kolpe handia da Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuarentzat eta PSOEren zuzendaritzarentzat, dena eman baitute publikoki Jimenezen alde. Hori horrela, Zapaterori aurre egin eta garaile atera den buruzagi sozialista bakarra da Tomas Gomez.
PSMko 18.100 militantek zuten botoa eman eta 2011ko maiatzeko hauteskunde autonomikoetako hautagai sozialista zein izango den aukeratzeko eskubidea. Emaitzen arabera, Gomez izango da Esperanza Aguirre egun Madrileko presidentearen aurkaria.
Sozialisten Bermeetako Batzorde Federalak asteazkenean aztertuko ditu aurkez daitezkeen errekurtsoak eta hori egin ondoren hauteskundeak izan diren hiru lurralde eta hamaika hirietako hautagaiak izendatuko ditu.