Politika -

Generalitatearen dokumentua

Aldarrikapenak ez luke zuzenean Katalunia independente bat ekarriko

Generalitateko Ekonomia kontseilaritzaren barne-dokumentu baten arabera, "litekeena eta desiragarriena" litzateke EBren barruan egotea, eta Kataluniako Banku Zentrala sortzea planteatzen du.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Independentzia aldarrikapen batek ez luke zuzenean inplikatuko Katalunia independente bat sortzea, ezta berau Europar Batasunean egotea edo ez", Kataluniako Generalitateko Ekonomia kontseilaritzaren barne-dokumentu baten arabera.

Idatzia Generalitateak kanpoan dituen ordezkaritzetara igorria izan da, eta TV3 kateak aurreratu du. Bertan adierazten denez, Katalunia-estatu bat Europar Batasunetik eta eurotik kanpo geratu dadin, lehenengo Espainiak independentzia aitortu beharko luke, "eta hori ez da epea laburrean gertatuko", testuaren arabera. Hala, idatzian azpimarratzen dute litekeena dela Katalunia EBtik eta eurotik kanpo ez geratzea, kanporatua izan baitaiteke "soilik Espainiak lehenago Estatu independente gisa aitortzen baldin badu".

Europar Batasuna eta euroa

Testuaren arabera, "litekeena da (eta desiragarriena) Katalunia-estatu bat Europar Batasunean egotea, modu automatikoak edo geroago, negoziazio sistema sinplifikatu batekin"; edonola ere, "EBtik kanpo geratuta ere (nekez gertatzekoa), euroa bermatuta legoke, munduko edozein herrialdek aukera duelako nahi duen moneta erabiltzeko".

Txostenean gogoratzen dute munduko hainbat herrialdetan euroa erabiltzen dutela Europar Batasunaren barruan egon ez arren (akordio baten bitartez edo alde bakarreko erabakia izanda). Horri lotuta, zera jasotzen da: "Egoera horretan Kataluniarentzat aukerarik onena EBrekin akordio bat sinatzea litzateke; horrek ez luke guztien adostasun beharko eta, ondorioz, Espainiak ezin izango lioke betoa jarri".

Ekonomia kontseilaritzak gaineratu du Espainiarekin eta EBrekin akordioa egon ala ez, Europako Ekonomia Espazioaren barruan egotea berma daitekeela EFTA Europako Merkataritza Askeko Elkartearen bitartez.

Gordailuak

Halaber, Generalitateak defendatzen du "trantsizio garaian" Katalunian egoitza fiskala duten banku guztiek bermatuta izango lituzketela gordailuak, Espainiako Bermeen Funtsak bermatuta, alegia (100.000 euroko bermea gordailugile bakoitzeko eta finantza-erakundeko).

"Kataluniako erakunde guztien gordailuak, beraz, bermatuta daude. Europako banku Zentrala da (eta aurrerantzean ere izango da) Europako finantza sistemaren ikuskatzaile bakarra, tartean Kataluniako sistemarena ere, eta beharrezkoa den likidezia guztia eskainiko du", jasotzen da dokumentuan.

Kataluniako Banku ZentralaGeneralitatearen arabera, gainera, beharrezkoa litzateke Kataluniako Banku Zentrala Sortzea "estatu berriko monetaren agintaritz" lanetarako. Banku zentral horrek 500 langile izango lituzke.

Esparru fiskal lagungarriagoa enpresa ertain eta txikientzat Halaber, Katalunia independente batek esparru fiskal lagungarriagoa izango luke enpresa ertain eta txikientzat, eta Bartzelonako burtsa "merkatu alternatibo" bat izango litzateke enpresa txiki horiek finantzatzeko.

Testuak aurreikusten du sozietateen gaineko zergaren erreforma egitea, "neutraltasuna eta gardentasuna" bermatu ditzan eta enpresa txiki eta ertainen zerga tratamendua hobetu dezan. Hori bai: Azpimarratzen du zerga politika arloko neurriek Europako tratatuak hartuko lituzketela aintzat, "enpresen arteko diskriminazioa ekiditeko". Dokumentuan jasotzen denaren arabera, Kataluniako Ogasunak 24.000 miloi euro gehiago jasoko lituzke zergetan.

Energiaren merkatua ere hizpide du, eta elektrizitatearen prezioa merkeagoa izan litekeela defendatzen du.

Lasaitasun mezua

Ekonomia kontseilaritzak, halaber, lasaitasun mezua bidali du hainbat enpresek Kataluniatik alde egiteko hartutako erabakiaren aurrean. Generalitateak azpimarratu du mugimendu hauek ez dutela "ondorio errealik jardueran, kontu publikoetan ezta enpresen bezeroetan ere". "Prebentzizko operazioa da, komunikazio aldetik mezu pitikoarekin; ondorio ekonomikoak minimoak dira", jasotzen da idatzian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma gaur Ekonomia albisteak