Politika -
Kataluniako independentzia
Zoido: 'Erantzuna argia ez bada, Gobernuak neurriak hartu beharko ditu'
"Anbiguotasunen batekin erantzuten badu horrek esan nahiko du ez duela eztabaidarik nahi eta Gobernuak dagokion neurriak hartu beharko ditu", esan du Espainiako Barne Ministroak elkarrizketa batean.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak egindako errekerimenduari Generalitateko presidenteak eman behar dion erantzuna argia ez bada, "ulertuko da independentzia aldarrikatu duela", esan du Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak larunbat honetan, COPE irrati katean egin dioten elkarrizketan.
"Anbiguotasunen batekin erantzuten badu horrek esan nahiko du ez duela eztabaidarik nahi eta Gobernuak dagokion neurriak hartu beharko ditu", gaineratu du.
Mariano Rajoyk errekerimendua igorri zion asteazkenean Puigdemonti, Kataluniako independentzia aldarrikatu zuen argitzeko, Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu baino lehen. Generalitateko presidentek datorren asteleheneko goizeko 10:00ak arte du epea horri erantzuna emateko.
Barne ministroaren aburuz, Kataluniako presidenteak eman dezakeen erantzun bakarra da "bai ala ez". Horri lotuta, Zoidok uste du baietz erantzuten badu berriz ere "legez kanpo" kokatuko duela bere burua, eta "agerian utziko du elkarrizketa eskaintzen zuenean ez zuela zintzotasunez eskaintzen". Hori dela ere, deia egin dio erantzun argi bat ematera, eta "normaltasun instituzionalera" itzulera. "Kongresua da elkarrizketa zintzo hori aurrera eramateko tokia", gaineratu du.
Garcia Albiolek "tentsio politikoa" aurreikusi du Xavier Garcia Albiol PPCko buruak, bestalde, ez du uste Generalitateko presidenteak iritzia aldatuko duenik, eta "tentsio politikoa" aurreikusi du datozen asteetarako. "Puigdemontek erantzukizunez jokatuko ahal du, eta independentzia aldarrikatzeko asmorik ez duela esango ahal du… Baina ni, tamalez, ez naiz oso baikorra", adierazi du PPCk Santa Coloma de Grameneten egin duen ekitaldi batean. Bertan, Garcia Albiolek gogoratu du Kataluniako presidenteak "48 ordu" dituela "Katalunia amildegira eramatea ekiditeko".
Horri lotuta, 155. artikulua hauteskundeak deitzeko erabiltzeaz gain, Mossoetan eta ikastetxeetan ere aldaketak egiteko baliatzea eskatu du, Carles Puigdemontek independentzia prozesuarekin aurrera egitea erabakitzen badu.