Politika -
KATALUNIA
Independentziarako bidea lehenbailehen ixteko eskatu dio ANCk Puigdemonti
Agusti Alcoberro ANCko presidenteorde berriak argi du: "urriaren 1ean kataluniarrek botoa eman genuen, irabazi egin genuen, eta orain, emaitzak eskuan, independentzia aldarrikatuko dugu".
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Asamblea Nacional Catalanak Generalitateari "independentziarako bidea lehenbailehen ixteko" eskatu dio, oraintxe baita, euren iritziz, Kataluniako Errepublika aldarrikatzeko momentua.
Zuzendaritza nagusia bildu da gaur Sant Cebrià de Vallaltan (Bartzelona), eta han, Agusti Alcoberro ANCko presidenteorde berriak argi uzi du euren iritzia: "urriaren 1ean kataluniarrek botoa eman genuen, irabazi egin genuen, eta orain, emaitzak eskuan, independentzia aldarrikatuko dugu".
Bi egun falta dira Espainiako Gobernuak Carles Puigdemont presidenteari egindako eskaera argitzeko. Parlamenetan egindako agerraldian independentzia aldarrikatu zuen edo ez erantzun behar du, eta bide horretan aurrera egiteko eskatu dio ANCk.