Politika -
Memoria Historikoa
Frankismoaren biktimek Gasteizko Udalaren memoria plana salatu dute
Frankismoaren krimenen kontrako plataformak "eskandalutzat" jo du Udalak arduradun frankistei ohorezko karguak eta kale izenak mantentzea.
Agentziak | Erredakzioa
Frankismoaren krimenen aurkako plataformak errefusatu egin du Gasteizko Udalaren Memoria Historikorako Plana, arduradun frankistei ohorezko karguak eta kale izenak mantentzea ahalbidetzen duelako.
Gorka Urtaran alkatearen egitasmoa "eskandalutzat" jo eta datozen egunetan plana zuzentzeko proposamen bat helaraziko diotela iragarri dute.
Jose Lejarreta, Pedro Orbea eta Luis Ibarra alkate frankisten edo Carmelo Ballester, Bueno Monreal eta Francisco Peralta gotzain frankisten kale izenak aldatu ordez, planka informatiboen bidez "testuinguruan" jarriko dituela erabaki du Udalak.
Plataformaren esanetan, erabaki hori ez dator bat biktimei "egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak" eskaintzeko helburuarekin.
Diktadura garaian karguren bat izan edo frankismoarekin modu batera edo bestera kolaboratu zuen pertsona orori edozein motatako errekonozimendu publikoa kendu behar zaiola aldarrikatu dute biktimek.
Horrez gain, frankismoaren biktimak oroitzeko zenbait tokitan Udalak jarri nahi dituen testuak ere kritikatu ditu plataformak, "askoz zorrotzagoak eta argiagoak" izan beharko liratekeela iritzita.
Udalak proposatu duen testuaren arabera, frankismoaren biktimak "Bigarren Errepublikaren aurka egindako Estatu kolpearen ideologiaren aurka zeuden pertsonak" dira.
Plataformak, berriz, pertsona horiek "errepublikarrak, libertarioak, komunistak, sozialistak eta abertzaleak" zirela eta, beraz, identitate hori "argitasun gehiagoz" eta "ideologia horiekiko errespetuz" azaldu behar dela azpimarratu du.