Politika -
Katalunia
Kataluniako errepublika aldarrikatzeko eskatu dio CUPek Puigdemonti
Rajoyren errekerimenduari bestela erantzutea, Estatuaren "mehatxu, errepresio eta mespretxu guztiak bermatzea" izango litzateke, CUPen iritzian.
Agentziak | Erredakzioa
CUPek gutuna bidali dio gaur Carles Puigdemont Generalitateko presidenteari, eta Kataluniako errepublika aldarrikatzeko exijitu dio, hori baita modu bakarra, CUPen arabera, Katalunia subjektu politiko gisa onartuko duen nazioarteko bitartekaritza batek parte hartzea lortzeko.
"Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzen jarraitu nahi badute, egin dezatela errepublika aldarrikatuta dagoela", azaldu du alderdi antikapitalistak agirian. Hori da, hain justu, Mariano Rajoyk eta bere gobernuak Generalitateari bidalitako errekerimenduari erantzuteko modurik egokiena, CUPen esanetan.
Errekerimenduari bestela erantzutea, Estatuaren "mehatxu, mespretxu eta errepresio guztiak bermatzea" izango litzateke, CUPen iritzian, eta "Kataluniako herriaren gehiengoak apurtu zuen Konstituzioaren legezkotasunera" itzuliko litzateke Katalunia.
Alderdi independentistaren ustez, "nazioarteko bitartekaritzaren aurrean itxaropena izateak" ez du zentzurik, horrek militarren presentzia eta karga polizialak onartu baititu.
"Horien mehatxuen, ezetzen eta autoritatearen aurrean geldirik egoteak ez digu herri izaten utziko, ez digu geure burua gobernatzen utziko, ezta eskubide eta askatasun gehiago lortzen ere", nabarmendu dute gutunean.
CUPek aitortu du Kataluniako balizko errepublika horrek ez lukeela beste estatu batzuen eta merkatuen babesik, baina jendearen babesa bai. "Jendea da herri honek duen egitura sendo bakarra. Jendea da gure indarra, jendearen beharrak eta itxaropenak", azpimarratu dute.