Politika -
Katalunia
Poliziak 218 zauritu eragin zituen Bartzelonan U-1ean, epaile baten arabera
Hala dio urriaren 1eko erreferendumerako Bartzelonan antolatutako bozketa guneetan izandako polizia-kargak ikertzen ari den epaileak.
Agentziak | Erredakzioa
Urriaren 1eko erreferendumerako Bartzelonan prestatu zeuden bozketa guneetan egon ziren polizia-kargak ikertzen ari den epailearen aburuz, 218 zauritu egon ziren aipatu polizia-kargen ondorioz.
Epaitegietako iturriek jakitera eman dutenez, urriaren 1ean Bartzelonako 7. Instrukzio Epaitegian guardian zegoen epaileak ikerketa bat dauka abian lesio-delituengatik, polizia-kargetan izandako zaurituak dela-eta.
Epaile horrek zenbatu duenez, zauritu kopuru handiena lehen hezkuntzako Ramon Llull ikastetxean izan zen (28 zauritu), ondoren, Mediterràneoko ikastetxean (27), CEIP Estel ikastetxean (18) eta Pau Claris institutuan (15).
Joan zen astean emandako auto batean, aipatu epaileak adostu zuen ikerketa bat zabalduko zuela, erreferenduma eragozteko lanean aritu zen Polizia Nazionalaren jardunbidean "proportzionaltasuna" egon ote zen argitzeko asmoz. Epaileak dituen salaketen arabera, 28 bozketa gunetan izan ziren zaurituak.
Instrukzio-epaileak txosten bat eskatu dio Gobernu Ordezkaritzari erreferenduma eragozte aldera segurtasun indarrei eman zitzaizkien "ahozko eta idatzizko" aginduak zein izan ziren argitzeko. Horrez gain, arduradunak nor ziren, zergatik jardun zuten toki batzuetan eta zergatik ez beste batzuetan eta "zergatik utzi zioten eguerdian euren jardunari".
Epailea auzi berean ari da ikertzen Polizia Nazionalak eta Gurdia Zibilak Katalunia guztian zehar egin zituen polizia-kargen kontra Generalitateak aurkeztu zuen salaketa.
Aldi berean, epailea beste hirugarren kontu bat ere ari da aztertzen: herritar batzuek Esquadra Mossoen aurka aurkeztutakoa, erreferenduma eragozteko orduan izan zuten pasibotasunagatik.