Politika -

Katalunia

Jaurlaritzak Kataluniarako elkarrizketa eta itunaren alde jarraitzen du

Josu Erkoreka bozeramailearen arabera, ez dago esaterik Eusko Jaurlaritzak jarrera "epela" izan duenik Kataluniako gatazkaren aurrean.

Josu Erkoreka, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.
Josu Erkoreka, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.
Josu Erkoreka, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako gatazkari buruz galdetu diotenean, Josu Erkoreka bozeramaileak esan du Eusko Jaurlaritzak elkarrizketaren aldeko apustuari eusten jarraitzen duela, Kataluniako egoerari adostutako irtenbidea topatzen saiatzeko. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak prentsaurrekoa eman du astearte honetan, Kataluniako presidenteak agerraldia egin baino ordu batzuk lehenago. Puigdemontek urriaren 1eko erreferendumaren harira hitz egingo du, eta baliteke independentzia aldarrikatzea.

Gobernu-bileraren osteko prentsaurrekoan, Erkorekak ez du iritzirik aurreratu nahi izan "gauzatu ez diren gertakarien gainean". Konstituzioaren 155. artikulua erabiltzeko aukeraz galdetuta, Jaurlaritzako bozeramaileak nahiago izan du hausnarketarik ez egin. PSOEk dagoeneko iragarri du Espainiako Gobernuaren erabakiarekin bat egingo duela.

Ildo horretan, "Kataluniako independentzia aldarrikatzen badute", sozialistek PPren Gobernuaren erabakia babestuko dutela nabarmendu du Erkorekak, eta adierazi du ez dakiela aldarrikapen hori arratsalde honetan egingo den ala ez.

Erkorekaren esanetan, "itxaron egin behar da", ea zer gertatzen den, "eta hortik aurrera kokatuko gara eta hasiko gara hitz egiten". "Orain, uste eta espekulazioak gorabehera, inork ez daki zer gertatuko den Kataluniako Parlamentuan, zeintzuk izango diren zehatz-mehatz bertan gertatzen denaren ondorioak eta edukia bera", azpimarratu du.

Eusko Jaurlaritzaren jarrera "ez da epela izan"

Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, ez dago esaterik Eusko Jaurlaritzak jarrera epelik izan duenik Kataluniako gatazkaren aurrean: "Hasieratik eutsi diogu iritzi berari, koherentziaz; lehen unetik egin genuen elkarrizketaren alde, topaketaren alde, Kataluniako egoerari adostutako irtenbidea topatzeko asmoz. Azken aste eta hilabeteotan, jarrera horri eutsi diogu, aldaketarik gabe".

Josu Erkorekak nabarmendu duenez, nahi duenak esan dezake Jaurlaritzaren jarrera "epela" izan dela, "baina une honetan ezinbestekoa den jarrera da gurea, ikuspegi demokratiko batean oinarritzen da". Horren hitzetan, Iñigo Urkullu lehendakariak "harreman handia" izan du azken egunotan nazioarteko ordezkariekin, egoeraz hitz egiteko eta bere iritzia emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Eusko Jaurlaritza albisteak Kataluniako erreferenduma Alderdi politikoak bideoak Eguneko albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur