Politika -

Erreferenduma

Estrasburgon salatuko dute Konstituzionalak saioa debekatu izana

Auzitegi Konstituzionalak lehen aldiz debekatu du Parlamentuko saio bat,  PSCk eskatuta. Orain, Junts pel Sík, CUPek eta Catalunya Sí Que es Potek Europara joko dute.

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Junst pel Sí, CUP eta Catalunya Sí Que es Pot taldeetako 76 diputatuek eta Germa Gordo talderik gabeko diputatuak salaketa aurkeztuko dute Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian, Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuan astelehenean egitekoa zen saioa debekatzeagatik, Carme Forcadell Parlamentuko presidenteak Twitter bidez jakitera eman duenez.

Nacio Digital webgunean aurreratu duenaren arabera, adierazpen askatasunaren eta politikan parte hartzeko eskubideen urraketak salatuko dituzte, Auzitegi Konstituzionalak lehen aldiz Kataluniako Parlamentuko saio bat debekatu ondoren.

Forcadellen esanetan, "zilegitasuna erabat galdu duen Auzitegi Konstituzionalak egindako urraketa eta esku-hartzeak" ikusita aurkeztuko dute salaketa.

Auzitegiak ostegunean galarazi zuen Parlamentuan astelehenerako deituta zegoen saioa, Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen agerraldia aurreikusten zuena, U-1eko emaitzak eta horien "ondorioak" aztertzeko.

PSCk helegitea jarri ondoren heldu zen debekua. Miquel Icetak gidatzen duen alderdiak ohartarazi zuen erreferendumaren legean oinarrituta deitu zutela saioa, eta lege hori Auzitegi Konstituzionalak debekatu zuela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika albisteak Kataluniako erreferenduma gaur Europa Albisteak Espainiako Auzitegi Konstituzionala