Politika -

Katalunia

Egibar: 'Ez gara bitartekari, parte baizik'

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiek Kataluniako egoera izan dute mintzagai Radio Euskadiko eztabaida politikoan.

Joseba Egibar EAJko legebiltzarreko bozeramailea. Argazkia: EiTB
Joseba Egibar EAJko legebiltzarreko bozeramailea. Argazkia: EiTB
Elkarrizketaren aldeko ahotsak ere, euskal alderdien artean

1:19

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joseba Egibar EAJko legebiltzarreko bozeramaileak larunbat honetan adierazi duenez, Kataluniako gatazkan "jeltzaleak ez gara Kasko Urdinak". "Ez gara bitartekari, parte gara; jakin badakigu zer uste duen eta zer erabaki duen Kataluniako gehiengoak", adierazi du. Aste honetan bere burua aurkeztu du Iñigo Urkullu lehendakariak Kataluniako gatazkan bitartekari moduan aritzeko, eta proposamena eskutitz baten bidez helarazi dio Jean Claude Juncker Europako Batzordearen presidenteari.

Gauzak horrela, Radio Euskadiko 'Parlamento de las Ondas' saioan izandako eztabaida politikoan Egibarrek azpimarratu duenez, asteartera begira, uste du Katalunian independentzia aldarrikapena izango dela eta, horrekin batera, baita "aldarrikapen horrek eskatzen dituen doitzeak negoziatzeko borondatearen baieztapena ere". Egibarren ustez, independentziaren inguruko erreferendum bat erraztea da "Espainiako Gobernuari geratzen zaion irtenbide demokratiko bakarra".

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, asteartean "independentzia aldarrikapena izango da, eta ordutik aurrera elkarrizketa prozesua abiatuko da Kataluniako errepublikaren eta Espainiako Erreinuaren artean". "Elkarrizketa egongo da, berdinetik berdinera hitz egingo duten bi subjekturen artean", esan du.

Radio Euskadiko saio horretan bertan, Lander Martinez Elkarrekin Podemos koalizioko ordezkariak PPren Gobernuari egotzi dio "gerratik geratuko taktikak" erabiltzen aritzea.

Martinezek uste du Espainiako Gobernua "oso galduta"’ dagoela eman beharreko pausoen inguruan. "Bere egin du Kataluniak independentzia aldarrikatuko duela, eta ez du planteamendurik egiten arazoa konpontzeko. Geratzen dena da Rajoyk alde egitea, jada agerian utzi duelako ez dela gai eta ez duela arazoa konponduko?", gaineratu du.

Jose Antonio Pastorrek (PSE-EE) esan du independentzia aldarrikapena izango dela, baina "ez formatu irmoenarekin". "Zentzudunena da elkarrizketarako tokia uztea", esan du.

Carmelo Barrio Euskadiko PPko legebiltzarkideak, berriz, uste du asteartean ez dela Katalunian independentzia aldarrikapenik izango. Barriok onartu egin du Kataluniarekin arazo politiko bat dagoela, baina gaineratu du arazo politikoak "ez direla jorratzen legea urratuz".

Barriok gogoratu du ostiral honetan Espainiako Gobernuko bozeramaileak deia egin diola Kataluniako Gobernuari "legezkotasunera itzultzeko, elkarrizketaren ibilbidera itzultzeko". "Generalitateak errektifikatu egin behar du, hau guztia ilegalitatearen oinarrietan ari baita eraikitzen", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Joseba Egibar Artola berriak Kataluniaren independentzia Alderdi politikoak albisteak Albisteak